Gizarte berdinzaleagoa eskatu dute

Gernikako Batzarretxeak Bizkaiko Emakume Hautetsien IX. Ezohiko Batzarra hartu du gaur (martxoak 7), Martxoaren 8aren bezperan, eta, bertan, sentsibilitate politiko guztietako emakumeek bat egin dute gizarte berdinzaleago bat eskatzeko. Gainera, hainbat arlotan nabarmendu diren emakumeen eta erakundeen lana ere aintzatetsi dute gaur: Kristina Mardaras Sedrun, Marisa Barrena Larruzea, Lorena Fernandez Alvarez, Miren Gutierrez Almazor, Ana Urkijo Elorriaga eta emakume artista eta sortzaileen ESAS sare profesionala nabarmendu dituzte.
Bizkaiko emakume hautetsiek bat egin dute aurten 1995ean Beijingen egin zen Emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentzian egindako Beijingeko Adierazpenagaz; izan ere, ekintza horren 30. urteurrena da aurten. Eta, akordio horrek, gainera, abian jarri zuen genero berdintasuna, emakume eta neskato guztien ahalduntzea eta horien giza eskubideen gauzatzea lortzeko mundu mailako ibilbide orria.
Modu berean, lurraldean ere jarri dute arreta emakume hautetsiek, ESASeko kideen lana balioan jarriz. Izan ere, euren lanagaz euren aletxoa jarri dute tratu berdintasunaren, aukera berdintasunaren eta kristalezko sabaia apurtzearen aldeko borrokan. “Batzuetan konplexuak izan diren eremuetan, adimena, adorea, lan nekaezina eta ezbeharren aurrean amore ez emateko erabakia direla-eta nabarmendu diren emakumeak dira”, esan du Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak.
Eta, gehitu du, Bizkaiko herritarrek aukeratutako emakumez betetako hemizikloa “hitzordu saihestezina” bihurtu dela dagoeneko: “Bizitzako esparru guztietan benetako berdintasuna eskatzeko elkartzen gara”.