Sentsazio onekin jarraitzeko asmoz
Urrezko Ligan porrot eta garaipen bana lortu ondoren, Olatz Arrizabalagak eta Arrate Bergarak Miriam Arrillagaren eta Madalen Etxegarairen kontra jokatuko dute domekan [martxoak 9], Etxebarrian binanako MLK lehiaren hurrengo jardunaldia.
Urrezko Liga, Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketaren finalaurrekon ligaxka, porrotez abiatu zuten lehendabiziko jardunaldian Olatz Arrizabalagak eta Arrate Bergarak, baina egoera buelta eman zioten bigarrenean, eta orain hirugarrenaren zain daude. Aretxabaletako Iturrigorrin, gernika-lumotarrak eta tuterarrak 22 eta 12 galdu zuten Goiuri Zabaleta leitzarraren eta Uxue Oses oñatiarraren kontra, baina Gallartako Txikiton buelta eman zioten, Enara Gaminde laukiztarra eta Mirian Arraiza donostiarra 22 eta 17 menpean hartuz.
Sentsazio onak “berreskuratuta” dago Arrizabalaga, garaipenak “bideratu” egin baititu bai bera, bai bere bikotekide Bergara: “Gallartakoa partidu gogor askoa izan zen, azterketa itxura zuen, eta oso ondo gainditu genuen; edozeini aurre egiteko besteko mailan gaudela ikusi zen kantxan”. Arrizabalaga uneoro jokotik ateratzen saiatu ziren arerioak, jokoaren pisua atzealdera kargatuz eta nafarra presiopean ipiniz. Bergarak, baina, bikain erantzun zuen, eta Gaminderen piloteoari ederto erakutsi zion aurpegia. Aurrelariak, bere aldetik, suertatzen zitzaizkion “aukera apurrak” aprobetxatu zituen: “Defentsa ona egin genuen, eta aukera oro baliatu. Alde fisikotik, sasoiko igarri nuen neure burua, datorren guztiari eusteko prest”.
Olatz Arrizabalaga: “Azken jardunaldira arte ez dira finalerdiak argituko; alde horretatik, tanto kopurua ere jagon beharko dugu”
Gallartako garaipenak puntu bat eman zien Arrizabalagari eta Bergarari, jardunaldi biren faltan. Lehiaketa “zabalik” dagoela uste du: “Azken jardunaldira arte ez dira finalerdiak argituko; alde horretatik, tanto kopurua ere jagon beharko dugu, puntu berdinketagaz faktore esanguratsua izan daitekeelako”. Hain zuzen, Etxebarriko Txutxo udal pilotalekuak hartuko du hurrengo jardunaldia. Domekan [martxoak 9], Miriam Arrillaga usurbildarraren eta Madalen Etxegarai oñatiarraren kontra jokatuko dute, 12:00etatik aurrera. Gernika-lumotarra eta tuterarra ustezko hautagaiak dira: “Aurreikuspenek diote gu behetik gora goazela; eurak, berriz, porrot gogor batetik datoz, gainera, sentsazio oso onik transmititu barik”. Helburu bakarra “bai ala bai irabaztea” izango dela iragarri du, eta beraien jokoan “beste aurrerapauso bat” egiteko prest daudela nabarmendu.