Guggenheim Urdaibai Stopek "zuhurtzia" agertu du entzute aktiboko prozesuaren aurrean
Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren Busturialdea-Urdaibairentzako entzute aktiboko prozesuarekiko duen ikuspuntua azaldu du Guggenheim Urdaibai Stopek. "Berandu eta bermerik gabe" heldu dela diote, eta bere eraginkortasunaren aurrean "zorrotzak" izango direla aurreratu dute.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak gaur goizean [otsailak 14] Gernika-Lumon aurkeztu duten Busturialdea-Urdaibairentzako entzute aktiboko prozesuaren aurrean, Guggenheim Urdaibai Stopek bere iritzia plazaratu du. Herritar plataforma “zuhurtzia” agertu du prozesu horren aurrean, “oso berandu eta inongo bermerik gabe” ailegatu dela azpimarratuz: “Horixe helarazi diegu bai Agirre Lehendakaria Center erakundeari eta aldundiari nahiz Eusko Jaurlaritzari”.
Plataformako kideek barne hausnarketa prozesua egin dute eta, “zalantza askorekin”, aditzera eman gura izan dute “oso zorrotzak” izango direla aipatutako administrazio kontratatzaile horiek egin dezaketen “instrumentalizazioarekin“. Era berean, esanaren eta ekintzaren arteko arrakala nabarmendu nahi dute plataformakideek: “Esperientziak erakusten digu, Guggenheim Urdaibai makroproiektuari dagokionez, instituzioek esaten dutena eta egiten dutena ez direla inondik inora norabide berean joan”.
Hori argudiatze aldera, Iñigo Urkullu lehendakari ohiak 2024. urteko urtarrilaren 22an egindako adierazpenetara jo dute: “Urkulluk proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko urte biko ustezko hausnarketa aldia egitea iragarri zuen, baina ez dute ezelan ere halakorik egin. Hain zuzen ere, iragarpen hura egin eta urtebete igarota, nahierara aldatutako legediak eta araudiak daude egun, hala nola, Kosta Legea, HAPOak, LPP edota Dalia lantegiaren eraisketa”. Aldaketa horiek proiektuaren bideragarritasuna sustatzeko neurriak direla argitu dute.
Proiektua bere osotasunean aurkezteaz gain, ingurumen inpaktuari dagokion txostena publiko egitea eskatuzen du plataformak
Guggenheim Urdaibai Stopek “positiboki” baloratzen du herritarrek beraien iritzia zein kezkak adierazteko “elkarrizketa gunea” sortzeko ekimena, baina, modu berean, “gaur egun publiko egin ez den proiektu bati buruzko iritzia” eskatzen dute. Ez hori bakarrik: egitasmoaren ingurumen inpaktuaren txostena zein den jakitea beharrezkotzat dute. Proiektua bultzatzen duten erakundeen orain arteko urrats oro “aldebakarrekoa” dela esanda, nabarmendu dute horien jomuga nagusia “museoak eraikitzea” baino ez dela. Horrenbestez, adierazi dute plataformarentzat “ezinbesteko baldintza” dela administrazioek, gaur aurkezturiko prozesua behin abiatuta, “proiektuaren bideragarritasunarekin erlazionaturiko administrazio prozesu guztiak gelditzea”: “Konpromisoa hartu behar dute proiektua bertan behera uzteko, Busturialdeko herritarrek hala eskatzen baldin badute”.
Prozesua “instrumentalizatuz” gero, bere helburu bakarra “mugimendu sozial kritikoa desaktibatzea eta herritarrak banatzea” litzatekeela adierazi dute
Parte hartze prozesuaren “instrumentalizazioan” ipini dute fokua: “Aukera bat izan daiteke gardentasuna eta herritarren esku hartze aktiboa hauspotzeko, erabakiak hartu ahal ditzaten. Hori bai, prozesua instrumentalizaztuz gero, helburu bakarra litzateke mugimendu sozial kritikoa desaktibatzea eta, ondorioz, herritarrak banatzea. Une horretan, geure parte hartzea amaitutzat emango genuke”. Eztabaidaren gardentasuna dute ardatz, “benetako” datuak funtsezko oinarri dituena, herritarren eskubideak “bermatzen” dituena eta ingurune naturala “errespetatzen” duena. Horiek lortzeko, argi eta garbi dute bidea zein den: “Proiektua ahalik eta lasterren bere osotasunean aurkeztea, dagokion ingurumen inpaktuari buruzko txostenarekin”.
Agintariei partaidetzarako eta informaziorako “sarbide zuzena” bermatea eta ahots denen “entzute erreala” egitea eskatu diete, baita amaieran herritarren hautua “errespetatzea” ere
Herritarrei deia.
Hala, Guggenheim Urdaibai Stopek entzuteko prozesu horretan “era aktiboan” parte hartzeko deialdia luzatu die herritarrei, beraien ikuspuntuak edota kezkak agertuta prozesua bera “aberasteko”. Uste modu horretan geratuko dela islatuta Busturialdeko gehiengo sozialaren eta politikoaren “aurkakotasuna”. Deialdiak, baina, baditu bestelako hartzaileak ere: “Agintariak eta aholkularitza enpresaren arduradunak”. Horiei eskatzen diete “partaidetzarako eta informaziorako sarbide zuzena bermatu dezatela”: “Ahots guztien entzute erreala eta eraginkorra sustatu behar dute, eta, prozesuaren amaieran, herritarrek erabakitzen duena errespetatu“.