EH Bilduko alkateek "positiboki" baina "zuhurtziaz" hartu dute Guggenheimi buruzko entzute prozesua
Busturialdeko EH Bilduko alkateek "berri positibotzat" hartu dute Eusko Jaurlaritzak eta aldundiak gaur aurkeztu duten Guggenheim Urdaibairi buruzko entzute prozesua. Hala ere, "zuhurtziaz" hartu dute, ze uste dute entzuten zaionari bermea eman behar zaiola entzundakoa kontuan hartuko dela.

Guggenheim Urdaibai proiektuaren inguruan entzute prozesu bat abiatuko dutela jakinarazi dute gaur (otsailak 14) Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, eta EH Bilduko alkateek herritarrak entzutea helburu duen edozein ekimen “ongi etorria” dela esan dute, baina “zuhurtziaz” hartu dute aurkeztu dieten entzute prozesua, “hainbat zalantza sortarazi” dizkielako.
“Entzute prozesua berandu badator ere, berri positibotzat hartu dugu gaurko bileran aurkeztu diguten prozesua. EH Bilduko alkateok hasiera-hasieratik eskatu izan dugu tamainako proiektu honek herritarren oniritzia behar zuela, eta ezin daitekeela eskualdearen etorkizuna baldintzatuko duen proiektu bat planteatu aurretik herritarrak entzun barik”, adierazi dute eskualdeko EH Bilduko alkateek.
Agirre Center Fundazioak jaso du entzute prozesua gidatzeko enkargua, eta epe ertaineko prozesua aurreikusi du horretarako, Busturialdeko mila herritar inguru elkarrizketatzea proposatuz. Hain zuzen, planteamendu hori ere “modu positiboan” baloratu dute EH Bilduko alkateek: “Gure ustez prozesu honek eskualdeko argazki on bat izateko aukera emango digu eta aukera bat izan daiteke gobernantza ereduan jauzi bat emateko, eredu parte hartzaile eta gardenago baterantz”.
Hala ere, Eusko Jaurlaritzako eta aldundiko ordezkariei adierazi diete “zuhurtziaz” hartu dutela aurkeztu dieten entzute prozesua. Izan ere, uste dute entzuten zaionari entzundakoa kontuan hartuko delaren bermea eman behar zaiola. Hau da, entzute prozesua zintzoa izanez gero, herritarren gehiengoaren iritzia errespetatu beharko litzatekeela diote alkateek, eta “zalantzan jarri” dute prozesua aurkeztu duten erakundeak horretarako prest egotea.
Horrez gain, “kezkagarria” iruditu zaie oraindik ezagutzen ez den proiektu bati buruzko entzute prozesua abiatzea, herritarrei horri buruzko informazio “zehatz eta sakona” eman barik. “Herritarrek iritzi osatu bat izateko prouektuaren nondik norako guztiak ezagutu beharko lituzkete eta gaur gaurkoz, Jaurlaritzak eta aldundiak ez dute proiektua publikoki aurkeztu, prentsa titularretatik haratago, eta ez dute azalpenik eman proiektu horrek eskualdean izango lukeen inpaktuaz”, gehitu dute.
Gainera, “kontraesankorra” iruditzen zaie entzute prozesuak irauten duen bitartean proiektuak etenik ez izatea: “Kontraesankorra iruditzen zaigu, gaurko bileran Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak adierazi digun moduan, entzuketa prozesuak irauten duen bitartean proiektuak ez duela etenik izango entzutea. Kontrara, aurrera jarraituko dutela berau bideragarria egiteko lanekin esan du”.
Beraz, “zalantzaz zalantza”, gaur aurkeztu duten ekimena “aukera on” bat dela uste dute Busturialdeko herritarrak ahalduntzeko eta euren ahotsa entzunarazteko. Hala, herritar guztiak animatu dituzte prozesu honetan aktiboki parte hartzera, “Busturialdeko etorkizuna Busturialdean erabaki behar delako”.