'Arizona': mugen gainean jolasean, hausnarketa bilatuz
Txalo antzerki konpainiak 'Arizona' lana eskainiko du zapatuan, Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian. Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak interpretatuko dituzte protagonisten rolak.

Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak antzezten duten Arizona antzezlana ikusteko aukera egongo da bihar, Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian; 19:00etan jarri dute hitzordua, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete.
Izan ere, Juan Carlos Rubioren jatorrizko testuan oinarritutako Arizona lanak AEBk Mexikorekin duen mugan kokatzen ditu ikusleak. Eta, Garmendiak eta Plazaolak Margaret eta George izeneko pertsonaiak interpretatzen dituzte, euren mugak defendatu behar dituzten eta “bizitzaren basamortuan galduta dauden” bi estatubatuar, alegia. Zelatan dituzte bizilagunak, ahalik eta deskuidurik txikienean muga gurutzatzeko zain.
Baina, zergatik nahi dute muga gurutzatu? Galdera horri erantzuten ahaleginduko dira bi pertsonaiak obrak iraun bitartean, parodiarik zoroenean eta tragediarik gordinenean bilduta. Izan ere, “muturreraino” eroandako bi pertsonaiak mugaren gainean jolasean ibiliko dira, hausnarketa bilatuz.
Hala, gaurkotasunez betetako obra da Arizona, mugei, migrazioari, giza ergelkeriari eta manipulazioaren mugei buruz hausnartzea bilatzen duena. Hori bai, ikuspegi tragikomikoa eskaintzen duela diote haren sortzaileek: “Gai unibertsal hau oholtzan jarri eta sasitragedia, sasikomedia, sasi musikala sortu dugu”.
Arizona ez dago hain urruti. Arizona gertuago ere badago: Behobian, Melillan… “Gure hiri bakoitzean, gizaki batek bizitza hobea lortzea eragozteko altxatua den harresi bakoitzean dago Arizona”.
Antzezlanak Minuteman proiektua du oinarrian, eta, hain zuzen ere, horren parte dira Margaret eta George. Benetako proiektu bat izan zen hura, 2000ko hamarkadaren erdialdean sortu zena, Ameriketako Estatu Batuetan. Mexikoren eta AEBen arteko mugan legez kanpoko etorkinen fluxua kontrolatzea zuen helburu. Jim Gilchrist aktibista estatubatuarrak sortu zuen, migratzaileei mugak ixtea ardatz duen diskurtsoa berrabiarazteko nahiarekin. Proiektua sortu eta hogei urtera, Txalo konpainiak oholtzara eraman du gaia, eta Donald Trump AEBetako lehendakaritzara iritsi den aste berean estreinatuko du, patuak hala nahita.