Lur ama esna dadin
Kandelario, San Blas eta Santa Ageda ospakizunek hartuko dituzte, neguaren gordinenean, Busturialdeko bazterrak.
Negua inoiz baino gorriago izanik ere, egunak apurka-apurka luzatzen hasi dira. Eguzkiaren bidean, ohiturak lurrari makilaz kolpeak jotzea agintzen du, argiari, epelari eta, oro har, ama lurrari iratzartzeko eskatu asmoz. Horrexegatik baliatzen dituzte makilak eta kandelak, egunotan: argia, iluntasuna bere gordinenean dagoelako; soinua, lo dagoen oro esna dadin. Kandelario, San Blas eta Santa Ageda jaietan murgilduko dira egunotan Busturialdeko herritarrak. Denetariko ekimenez osatutako programazioak josi dituzte.
Eske koplak izango dira protagonista nagusi, baina ez bakar. Antzina jan-edana eskatzen baldin bazen, egun denetariko kausetarako dirua biltzeko egiten dituzte errondak. Ajangizen bildutako hobaria Afouna elkarteak jasoko du, eta Arratzukoa, aldiz, Minbiziaren aurkako P.K.U. elkartearentzat eta Eritasun Neuromuskularraren Elkartearentzat izango da. Udalerrietako hezkuntza zentroetako ume nahiz gaztetxoak protagonista izango dira han-hemen, beren kabuz kalejirak atondu baitituzte. Besteren artean, Gernika-Lumon, Bermeon eta Muxikan kaleratuko dira ikasleak.
Horrez gain, tostada usaina ere hartu ahalko da nonahi: herritarrak ahiezko tostaden txapelketetan parte hartzeko prest daude. Bermeoko Demiku auzoan eta Busturiko Axpen egingo dituzte lehiaketok, batik bat. Ez dira tripazorriak isiltzeko aukera bakarrak izango, mokadu, hamaiketako zein kopauek eskualdeen luze-zabaleko mahaigainak hartuko baitituzte.
Egunen joanaren poderioz koplen hitzak ahaztu dituztenek horiek freskatzeko aukera edukiko dute gaur bertan [urtarrilak 31], Ibarrangelun. Hain zuzen, biharko [otsailak 1] errondarako entsegua egingo dute iluntzeon, kultur etxean. Gainera, entsegu horretan erabakiko dute bihar zein ordutan ekingo dioten kalejirari. Ajangiztarrek, bestalde, hitzordu bikoitza edukiko dute eske koplak abesterakoan: etzi, Kanpantxun barrena; otsailaren 8an, Mendietan hasirik.
Finean, negua ez da inondik inora aitzakia izango egunotan, han eta hemen zer egin, zer dastatu, zer ikusi eta zertaz gozatu egongo da eta.