Hurbileko arretan oinarritzen den eskola
Publikoa, gertukoa eta familiarra. Pertsonengan oinarritutako hezkuntza ardatz duen eskola da Gautegiz Arteagako Montorre herri eskola, ikasle zein familiei arreta pertsonalizatua eskaintzen diena. Naturagaz harremanean dagoen zentroa ere bada, eskola komunitate aktiboduna.

Urdaibaiko Biosfera Erresebaren bihotzean, Ereñozar mendiaren magalean, paduretatik hurbil, Oka ibaia eta itsasoa bistan dituztela ikasten dute Gautegiz Arteagako Montorre Herri Eskolan. Ingurune naturala duen paisaia ikusgarrian, herriarekin harmonian bizi den eskola txikia da udalerrikoa, ikaskuntza pertsonalizatua eta giro hurbila oinarri dituena.
Hurbiltasuna, familia giroa eta banakako arreta pertsonalizatua dira, beraz, Montorreren indarguneak, pertsonengan oinarritutako hezkuntza eredua lantzen du-eta. Hala, 0 eta 12 urte bitarteko umeak dira eskolako protagonistak. Eta, adin alde horrek adin desberdinetako ikasleak gelan zein proiektuetan elkarrekin biltzea dakar, ikasleen arteko hartu-emanak sustatuz eta horiei elkarrengandik ikasteko aukera ahalbidetuz. Ondorioz, horrek ikastetxean transmititzen diren balioak aberasten dituela dio Alain Ajuriagojeaskoa eskolako zuzendariak: “Eskola txikia gara, eta hori oso aberatsa da, adin desberdinetako haurrak gela berean daudelako. Beraz, publikoa, familiartekoa eta gertuko eskola da”.

Montorre herri eskolako ikasleak.Montorre Herri Eskola
Gainera, inguruan duen naturarekiko harreman zuzena bermatzen eta bilatzen duen zentroa da Gautegiz Arteagakoa, ikastetxeko jardueretarako berdeguneen erabilera sustatzen duena. Izan ere, paseatzera joaten dira ikasleak Ozollo inguruko paduretara, Mareen Errotara zein ikastetxe inguruetako ibilbideetara; gainera, denetariko jarduerak antolatzen dituzte inguru horietan. Esaterako, ingurune naturala ezagutarazteko eta pertsonek inguru horrekin duten lotura ezartzeko Azterkosta eta Ibaialde proiektuak garatzen dituzte, kostaldeko ekosistema zein ibai-ekosistema modu aktiboan eta esperimentalean aztertuz. “Eskola txikien abantaila da horrelako proiektuak denok elkarrekin garatzeko aukera izatea”. Bestalde, eskolako ortua ere martxan jarri dute.
Urdaibai Bird Centerrekin ere hartu-eman zuzena dute, eta hegaztiei buruzko hainbat proiektu gauzatzen dituzte Montorren; hala nola, txoriak aztertu, zer egiten duten ikasi eta nola mugitzen diren ikuskatzen dute.
Eskola herriko bizitzaren parte da, eta ikasleak komunitateko kide
Haurrek komunitateko kide garrantzitsuak direla ere sentitzen dute, eskolak herriko bizitzan parte hartzen duelako. Ze, bertokoa balioan jartzea da eskolaren hezkuntza proiektuaren beste gakoetako bat. Eta, ikastetxean zein hortik kanpo egiten dituzten ekintzak dira horren adibide.
Hori horrela, hainbat dira eskolatik igarotako herritarrak zein inguruko bizilagunak; izan ere, udalerrian zein gertuko herrietan aurrera eroaten diren ekimenen berri izaten dute ikasleek. Esaterako, Asier Madariagarekin Nekazariak Eskolan proiektua ezagutu zuten, Txabi Txakartegirekin jateko osasuntsuak zeintzuk diren aztertu zuten, eta Andoni Aldamizetxebarriaren bitartez, Adouna proiektuaren berri izan zuten, Gambiako ikasleekin harremanak ere sustatuz.
Horiez gain, eleaniztasunerantz proiektuan murgilduta ere badago Montorre, natur zientziak irakasgaia ingelesez jorratzen dutelako ikasleek, eta hori, gero, praktikan jartzen dutelako Urdaibai Bird Centerren eskutik parte hartzen duten nazioarteko hegaztiei buruzko proiektuan: horretan, beste herrialde batzuetako haurrekin ingelesezko Skype bidezko konexioak egiten dituzte. Bestalde, matematikan ABN metodoa lantzen dute, matematikei zentzua emateko eta eragiketak modu errazago eta bisualago batean ulertzeko.
Irakurketak ere leku berezia dauka eskolan, LH eta HHkoak liburutegi berrituan batzen baitituzte, irakurzaletasuna bultzatzeko eta elkarregaz liburuen konpainian biltzeko helburuz. Gainera, Liburu Ibiltaria ekimena ere Montorrera ailegatzen da.

Montorre herri eskolako ikasleak.Montorre Herri Eskola
Bestalde, irudimena eta sorkuntza bultzatzea Montorreko hezkuntza proiektuan gero eta presenteago dagoen helburua da, eta sorkuntzarako espazioak eraikitzeko lan egiten dute bertan. Hala, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean rap doinuetan murgildu zituzten aldarrikapenak ikasleek, eta eskolari buruzko kantua ere sortu berri dute, elkarlanean. Orain, bideoklipa grabatzea dute asmo.
Komunitate aktiboa
Ekintza horiei guztiei, Montorrealde guraso elkarteak antolatutako ekintzak gehitu behar zaizkie. Izan ere, eskola komunitate aktiboa da Montorrekoa. Familiak proposamenak egin eta laguntzeko prest agertzen direla azpimarratu du zuzendariak, besteren artean, Gaztañerre Eguna, Artia kontu kontari edota karnabaletako ekintzak antolatzen dituztela gehituta. Eta, komunitate aktiboa duen eskola txikia izan arren, inguruko eskola txiki zein handiekin harreman zuzena daukate.

Montorre herri eskolako ikasleak.Montorre Herri Eskola
Montorrek eskaintzen dituen zerbitzuei erreparatuta, haurtzaindegi zerbitzuaz eta haur zein lehen hezkuntzaz gain, zaintza zerbitzua ere eskaintzen du, 08:30tik 09:30era bitartean, familiei kontziliazioan laguntzeko.
Otsailaren 3an zabalduko da datorren ikasturteko aurrematrikulazioa egiteko epea, eta otsailaren 14an amaituko da; hala, Urdaibaiko bihotzera, Montorrera, bertaratzeko deia egin diete familiei, 94 428 79 92 telefonoa eskuragarri jarriz