Eskualdeko plan estrategikoan herritarrek parte hartzeko galdetegia zabaldu dute
Herritarrek otsailaren 19ra arteko epea dute Busturialdea-Urdaibaiko Plan Estrategikoan parte hartzeko; galdetegi baten bitartez egin beharko dute hori.
Busturialdea-Urdaibaiko Eskualdeko Plan Estrategikoaren barruan, herritarrek parte hartzeko galdetegi bat ahalbidetu du Bizkaiko Foru Aldundiak euren webgunean, eta otsailaren 19ra arte egongo da irekita prozesua. Galdetegi honen bidez herritarrak plana prestatzeko prozesuaren parte izatea bermatu nahi du aldundiak, EPEren (Lehentasunezko jarduera eremuetako eskualdeko plan estretegikoa) metodologian jasotzen den bezala. Izan ere, metodologia horrek ezartzen du plana parte hartzean oinarrituta egon behar dela.
Diotenez, helburua da eskualdean bizi diren edo eskualdeagaz lotura duten pertsonen ekarpenak jasotze. Eta, horretarako, galdetegi honi erantzun beharko diote: zein proiektu edo ekimen proposatzen dituzu eskualdeak dituen erronkei aurre egiteko?
Gogoratu dute eskualdeko plan estrategikoa Jaurlaritzak, aldundiak eta eskualdeko hogei udalerriek sustatzen dutela: “Planak eskualdean bizi diren pertsonen lehiakortasun ekonomikoa eta bizi kalitatea hobetuko duten trakzio proiektuak identifikatu eta garatuko ditu. Eskualdea bere osotasunean eraldatzeko gaitasun handia eta garapen sozioekonomikoan eragin handia duten proiektuak, hain zuzen ere”.
Planaren lehen urratsa eskualdearen diagnostiko integrala egitea izan zen, eta bertan etorkizunerako zortzi erronka identifikatu zituzten. Gero, erronka horiei erantzuna emateko trakzio proiektuak identifikatu zituzten, eta abenduan eskualdeko lehen partaidetza foroan bildu ziren inplikatutako erakundeak, eskualdea ordezkatzen duten eragileak eta landutako gaietan adituak direnak. “Prozesu horren ondorioz, trakzio gaitasun potentziala duten ideiak bildu ziren. Ideiak biltzeko prozesu hori osatzeko eta aberasteko, orain herritarrek parte hartuko dute, orain arte kontuan hartu ez diren beste iritzi eta ikuspegi batzuk sartzeko”.