Noranzkoa egokitzeko garaipen garrantzitsua
Aurten porrot bi jaso ostean, Lointek Gernika Bizkaiak 72 eta 66 irabazi dio, Malosten, Cadi La Seuri. Talde gernika-lumotarrak kontrako markagailua irauli du, eta maila handiko garaipena poltsikoratu. Domekan [urtarrilak 26], Fontajaura bidaia egingo dute, Uni Gironaren kontra indarrak neurtzeko.
Lointek Gernika Bizkaiak 2025eko estreinako garaipena patrikaratu zuen iragan zapatuan [urtarrilak 18], Malosten, etxeko jarraitzaileen aurrean. Cadi La Seuren kontra neurtu zituzten indarrak Emakumezkoen Endesa Ligaren 17. jardunaldiari zegokion partiduan, helburu bakar eta argiagaz: irabaztea. Esan eta egin: 72 eta 66 gailendu zen etxeko taldea, une batzuetan neurketa aurka izan arren.
Liga erregularreko azken bi norgehiagoketetan galdu ondoren ekin zion talde gernika-lumotarrak, irabazteko beharrizan handiz. Hain zuzen, liga lehen zortzi sailkatuen artean amaitzea, neurri oso handi batean, Maloste gotorleku bihurtzean oinarrituko da. Hori horrela, etxekoak partiduari erritmoa eman asmoz abiatu ziren. Bizkorren korrika egin zuena, baina, talde kataluniarra izan zen; lehen laurdenean, bisitariak 6 eta 12 aurreratu ziren. Julia Solerrek, gainera, zortzi puntu eta hiruko saskiratze bi lortu zituen lehen tarte hartan. 13 eta 18koagaz burutu zuten lehen laurdena.
Ane Olaetaren ekarpenak gako izan ziren partiduaren hainbat momentutan
Bigarren laurdenean agertu zen etxeko defentsa murrua. Kanpoadeko jokoa bilatu zuen Lointekek, batez ere, Ane Olaetaren aukerak 6,75eko lerrotik zukutuz. Laura Westerik eta Itziar Ariztimuño izan ziren beste bi protagonistak, gernika-lumotarraz gain. Zortzi puntu atzetik joan arren, etxeko taldeak asmatu zuen egoerari buelta ematen, eta bigarren laurdena aurretik amaitu zuten: 36 eta 31, Gernikaren alde.
Aldageletatik itzultzean, argi eta garbi geratu zen etxekoen jomuga nagusia zein izan zen: akatsik ez egitea. Baloiaren galerak murriztu behar zituzten, kataluniarrei kantxan bizkor mugitzea eta trantsizioetan puntuak egitea galarazteko. Alde hartatik, Olaetaren hiruko saskiratzea lagungarri izan zen: 50 eta 38 aurreratu zuen talde granatea. Azken txanpan, Cadi La Seuk gogotik sufritu zuen, baina ez zuen behin betiko etsi; Lointekek, bere aldetik, nagusitasun handia bistaratu zuen, baina ez, ostera, azken kolpea jotzeko bezainbestekoa.
Azken minutua jaurtiketa libreen segida izan zen, Laura Westeriken nagusitasunez
Kale edo bale.
Kanpokoek erasoaldiko errebotea baliatu zuten, bere aukerei euste aldera. Hala, partiduaren azken minutuak arnasik gabe utzi zituen bertaratutakoak. Jaurtiketa libreen segida izan zen, protagonista bakarragaz: Westerik. Eskoltak 22 puntu poltsikoratu zituen, eta 4,60ko lerrotik, berriz, zortzi baloitik denak saskiratu zituen. Azkenean, Gernikak merezitako eta beharrezko garaipenagaz eskertu zien emandako berotasuna Malosteko jarraitzaileei: 72 eta 66.
Ligaren 18. jardunaldiari dagokionez, datorren domekan [urtarrilak 26] izango da, 18:00retan. Uni Girona taldea edukiko dute arerio hurrengo hitzorduan, etxetik kanpo, Fontajaun.