"Fokua eguneroko lanean jartzen saiatzen gara"
Klubeko harrobian hazi eta hezi da Ane Olaeta joku-antolatzailea. Zazpi urtez kanpoan egon ondoren, etxera itzuli da, lehen mailako bere hirugarren denboraldian. "Ilusio handiz" definitzen du bere itzulera.

Talde berritu eta gaztea osatu du Lointek Gernika Bizkaiak aurten. Lucas Fernandezen jokalariek ligako lehen itzulia bukatu berri duten honetan, Erregina Kopako sailkapen txartela ere eskuratu dute. Ane Olaetak kopa esperientzia «desberdin eta polit» gisa dauka; Uni Gironaren aurka lehiatuko dira norgehiagokan, Zaragozan, martxoaren 20an.
Ligako lehen itzulia amaitu berri duzue. Zelan ikusi duzu taldea orain arte?
Esango nuke lehen itzulia ondo joan dela. Azken batean, Erregina Koparako sailkapena lortu dugu, eta guk, jokalari moduan, beti nahi dugu kopa bezalako lehiaketetara joateko aukera izan, esperientzia desberdin bezain polita delako. Uste dut bigarren itzulia lehenengoa baino pixka bat zailagoa izango dela. Taldeak landuago egon ohi dira bigarren itzulian, orokorrean. Baina gu ere, talde bezala, sendotu eta hobetu egingo gara; bigarren itzulirako gogotsu gaude, eta ilusioa nabari da.
Joan den astean, Lucas Fernandezek eta Gerardo Candinak esan zuten «harro eta pozik» daudela taldeak egindako lehen itzuliarekin.
Entrenatzaileak eta presidenteak gure lanarekiko feedback baikorra ematea pozgarria da guretzat. Azken batean, jokalariontzat konfiantzazko puntu bat da hori, eta uste dut jokalari batek jokatzerakoan konfiantza izatea oso garrantzitsua dela.
Taldearen egokitzapena nahikoa ondo joan dela esango nuke, baina denborarekin are hobeago joango da.
Orain artekoa kontuan izanik, ze aspektu dituzue hobetzeko?
Talde gaztea gara. Gure taldeko batez besteko adina ez dakit 25 urtera heltzen den. Uste dut hain gazteak izatean, hobetzeko tartea oso zabala dela. Fokua eguneroko lanean jartzen saiatzen gara egunero, eta horrela jarraitu behar dugula uste dut. Gutxinaka-gutxinaka talde moduan hobetzen saiatzen gara, eta noski, pertsonalki, gutariko bakoitza ere egunero hobetzen saiatzen da, taldearen onerako.
Talde ia guztiz berria zarete. Nola doa egokitzapena?
Denak hain gazteak izanik, eta batez ere, Espainiako jokalari asko izanik, errazagoa da. Taldea sortzeko orduan, kimika hori lortzerakoan, bertokoekin errazagoa izan ohi da. Hizkuntzaren eta kulturen arteko desberdintasunak pisu handia du, eta egunerokoan asko nabari da. Beraz, taldearen egokitzapena nahikoa ondo joan dela esango nuke, baina denborarekin are hobeago joango da; geroz eta hobeto konpontzen gara zelaian, baita zelaitik kanpo ere.
Etxeko zenbait jokalarik osatzen duzue aurten taldea, gainera. Horrek lana errazten du?
Guztiz, bai. Etxeko jokalariak izatea beti da baikorra. Esaterako, nik Marta Alberdi txikitatik ezagutzen dut. Sarri jokatu dugu batera hemen, Malosten. Orain, taldean Martagaz egoteak, gure lana egin bitartean disfrutatzeko zein deskonexiorako puntu hori ahalbidetzen dit.
Nire lanetik, saskibaloitik, kanpo deskonexio hori dut, zelaian ondo edo txarto egiten ditudan gauzak errazago ahazten zaizkit, eta hori oso garrantzitsua da niretzat.
Gernikarra izanda, zer suposatzen du zuretzat hainbeste urte eta gero etxean bueltan egoteak?
Zazpi urte kanpoan egon eta gero, gogo asko nituen etxean bueltan izateko. Azken batean, familia edo lagunak harmailan ikusteak motibazio puntu bat ematen dit. Poztasun puntu bat. Egia esan, oso pozik nago berriro Gernikan egoteaz.
Pertsonalki, nolakoa izaten ari da denboraldia?
Emakumezkoen lehen mailan jokatutako lehen bi urteak zailak egin zitzaizkidan. Egokitzapena ez zen erraza izan, eta ez nintzen hain ondo moldatu. Denboraldi honetan, berriz, etxean egoteak asko lagundu dit. Nire lanetik, saskibaloitik, kanpo deskonexio hori dut, zelaian ondo edo txarto egiten ditudan gauzak errazago ahazten zaizkit, eta hori oso garrantzitsua da niretzat.
Edozer gertatu daitekeen lehiaketa da, gainera. Partidu bakarrera izanik, ilusio handiz hartzen dugu.
Gelditzen denarekiko, zer espero duzu?
Uste dut asko hobetu dezakegula. Askotan, Erregina Kopa denboraldiko helburuetako bat izanik, horren ostean datorrena ahazten dugu jokalariok. Bigarren itzulia, esan bezala, zaila izango da. Denboraldia aurrera doa, eta talde guztiak sendotzen dira hala edo nola. Aurrera jarraitu behar dugu, play off-etara heltzeko helburuari tinko helduz, eta lanean jarraituz.
Herenegun egin zuten Erregina Kopako zozketa, eta Uni Gironaren aurka jokatuko duzue final-laurdena martxoaren 20an, Zaragozan. Tokatutakoarekin pozik?
Erregina Koparako sailkatutako talde guztiak oso indartsuak dira. Bat ala beste tokatu, ez du zerikusi handirik. Egia da Gironaren kontra etxean partidu oso ona egin genuela, irabazi ez arren. Talde horien kontra jokatzean, azkenengo momentuan bada ere, irabazteko aukera bat baduzu ere, uste dut nahikoa ondo dagoela. Edozer gertatu daitekeen lehiaketa da, gainera. Partidu bakarrera izanik, ilusio handiz hartzen dugu.
Guretzat Marea Granatea taldearen ezaugarri garrantzitsuenetarikoa da.
Zapatuan, ordea, ligarekin jarraitzeko, Cadi La Seu hartuko duzue etxean. Beraien aurkako azken partidua 3 puntugatik galdu zenuten.
Bai. Lleidan jokatutako partida ez zen batere ona izan gure aldetik. Baina uste dut etxean beste erritmo batekin jokatzen dugula. Harmailak ere asko laguntzen digu. Irabazteko prest gaude.
Marea Granatea izango duzue aldeko horretan. Zelako garrantzia du taldearentzat?
Guretzat Marea Granatea taldearen ezaugarri garrantzitsuenetarikoa da. Partidetan asko bultzatzen gaitu. Asko nabari da gure afizioa harmailetan dagoenean; kanpoan jokatu ditugun partidetan, eta Malosten ere jende gutxiago egon denetan, asko nabaritu izan dugu. Adibidez, Valentziaren kontrako partidan, Maloste gainezka zegoen, eta guk asko nabari genuen hori partida osoan zehar. Motibazio gehigarri bat da. Zaleak seigarren jokalaria dira.