11 urteren ostean Bermeoko udaletxe historikoak ateak irekiko ditu
2013an gertatutako suteak direla eta 11 urtez erabilezin egon da Bermeoko udaletxe historikoa. Gaur, berriz ere ateak zabalduko dituela jakinarazi du udal gobernuak; udal langileak gutxi-gutxika udaletxera bueltatzen joango dira, abenduaren 9tik hasita.
2013an Bermeoko Alde Zaharrean gertatutako sute lazgarriaren eraginez, Bermeoko udaletxe historikoa erabilezin egon da; 11 urtez ateak itxi behar izan zituen. Bermeoko udal gobernuak, beregain, “harrotasunez” adierazi du gaur goizean, eraikin historikoko ateak “berriz ere zabaldu” egingo direla. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak suteak herrian izan zuen eragina gogoratu du: “Zoritxarreko gertakari hark udalerria kolpatu zuen, kalte material eta emozionalak eraginez; horien artean, udaletxearen itxiera, herriko bizitza instituzionalaren ikur nagusietako bat dena, herritar guztion etxea delako udaletxea”.
11 urtetan zehar egindako lan eta ahaleginari esker, udal goberduaren hitzetan, “herriko eraikin historikoa dagoeneko prest dago ateak zabaltzeko”. Alegia, udal langileak apurka-apurka itzuliko dira eraikinera hurrengo asteetan zehar. Pauso hori eman aurretik, “ateak zabaldu gura dira”, udal langileek zein herritarrek berregindako eraikina barrutik bisitatzeko aukera izan dezaten; “guztion etxea delako”, gaineratu du berriz alkateak. Udal gobernuak udaletxea bir-diseinatzeko kontuan izandako irizpideak ere azaldu ditu, gaur: “Lanak egiterako orduan, modernitatearen eta eraikinaren historiarekiko errespetuaren arteko oreka zaintzea izan ditugu kontuan”.
Aditzera eman dutenez, 11 urte hauetako hiru agintaldietan eman izan dira udaletxea birgaitzeko aurrerapausoak, “guztira 1.468.052,06 euroko kostuarekin”. Lanok egiteko, Bermeoko Udalak Euskal Kultura Ondarearen garrantzia azpimarratzeko eta hedatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza jaso zuen 2017 eta 2019 bitartean: 186.440 eurokoa izan zen jasotako dirulaguntza, hain zuzen. Proiektuaren jatorrizko egileak ere gogoratu dituzte udaletxearen irekiera aurkeztearekin batera; Begoña Tavera eta bere senar Ramon Garay dira jatorrizko egileak. Horiek sendu ostean, ordea, Arkaitz Izarra arkitektuak eta Alexander Aranburu aparejadore bermeotarrak jarraitu zuten obrarekin.
Zerbitzu danak martxan.
Aipatu bezala, langileak apurka-apurka joango dira eraikin berrira mugitzen, eta horrek, udal guztiaren funtzionamenduan eragiten duen berrantolaketa ekarri duela nabarmendu du Xabi Ortuzar Butron alkateordeak. “Udal gobernutik, berrantolaketa hori gaur egungo funtzionamendura amoldatzen saiatu gara”, berretsi du. “Nadia, Endika eta ni, momentu honetan Bermeoko Udalak dituen hiru ardatzen koordinatzaileak gara. Lurraldeko ardatza, Erakundeko ardatza eta Herritarren ardatza bereizten ditugu udalean, eta horiek bereiziz, ardatz bakoitza eraikin desberdinean kokatuta egongo gara berrantolaketa hori dala-eta”, azpimarratu du Ortuzarrek.
Endika Etxebarria Telleria Langileriako zinegotziak eta Herritar Batzordeko buruak hiru ardatz horien banaketa horretan sakondu du, halaber: “Xabik esan duen moduan, udalaren gorputza osatzen duten hiru ardatzak gune desberdinetan banatzea da ideia, eta hori jorratzen gabiltza. Hala nola, Erakundeko ardatzaren gunea hau izango da, udaletxe historikoa, eta horretan Nadia da buru; martitzenetan hemen bertan hartuko ditu herritarrak. Lurralde gunea, berriz, Intxausti kalean dugun eraikinean izango da, eta Xabik hartuko ditu herritarrak hor, eguaztenetan. Azkenik, Herritar gunea izango dugu, kultur etxeko hirugarren solairuan sedea izango duena, eta nik neuk, eguenetan, herritarrak bertan hartuko ditut”.
Horretaz aparte, Diruzaintza saila Udaletxe berriaren eraikinera mugitzen den egunetik (urtarrilak 9), orain arte Intxausti kalean kokatuta zegoen “diru-bilketako leilatila zarratu” egingo dela jakinarazi du udal gobernuak. Hau da, esan dutenez, udaletxean egun horretatik aurrera “ez da eskudirurik hartuko”. Hala ere, eskudirutan ordaintzeko aukera egoten jarraituko dela azpimarratu dute, horretarako ahalbidetuko den Finantza Entitate desberdinekin, bakoitzaren ordutegiak errespetatuz. Berhaz bulegoan ere ordaindu ahal izango da, beti ere, kreditu txartelaren bidez, eta internetez ere gauzatu ahal izango dira ordainketak, udal gobernuaren hitzetan.
Ate irekiak.
Ate irekien jardunaldia antolatu dute, gainera, eta jakinarazi dutenez, abenduaren 5a (eguena) izango da horretarako erreserbatu den eguna. Bi txanda markatu ditu udalak: “Goizean, 11:00etatik 13:00etara, Bermeoko Udaleko langileek izango dute udaletxea bisitatzeko aukera. Arratsaldean, berriz, herritar guztientzat zabalduko da atea, 18:00etatik 20:00etara bitartean”. Horren harira, alkateak eta udal gobernu guztiak, ate irekietako jardunaldira hurbiltzeko deia zabaldu du, “herritarrena den etxea”, pertsonan ezagutzeko.