Haurtzaindegia Tribisarrospen ipintzeko obrak hasi dituzte
Beheko solairuko moldaketekin hasi dituzte Tribisarrospeko obrak, eta martxoa eta apirila artean burutzea aurreikusten dute.
Tribisarrospe Kultur Etxea kokatutako eraikinak haurtzaindegia ere hartuko duela aurreratu zuen udal gobernu taldeak, herriko egitasmoak aurkezteko III. Hitzaldi Informatiboan. Plazaratutako egitasmoen artean esanguratsuenetakoa da Tribisarrospekoa. Lizitazioan zenbait atzerapen eduki dituzte, baina jadanik obra lanak hasiak dira. Egingo dituzten moldaketei dagokienez, beheko solairua birmoldatu egin gura dute, espazioak berrantolatu, baita espazio berriak sortu ere.
Bestalde, eraikinak argi gehiago eduki dezan lanean ari dira: “Atmosfera garbi eta argitsuak lortu gura ditugu; horrez gain, kanpoaldera irteera bikoitza egin beharko da”. Goiko solairuan, korridore zentrala eta komunak egokituko dituzte, eta kanpoalderako arrapala bidezko irteera eraikitzea ere helburu dute. “Kalitatezko haurreskola” lortu gura dutela nabarmendu du udalak. Iragarri dutenaren arabera, lehen fasea, alegia, beheko solairuko moldaketa, 2025eko martxoa eta apirila bitartean prest egotea espero da.