"Guk argi dugu: gazte langileok ez dugu nahi Guggenheimik, ez hemen, ez inon"
Egurre gazte asanbaldak deituta, udalerriko zein inguruetako gazteek Guggenheim Urdaibai proiektuaren aurkako jarrera erakutsi dute gaurko mobilizazioan, Gernika-Lumon.
Guggenheim Urdaibai martxan dago, eta hori salatzeko hamarnaka gazte bildu dira gaur (urriak 18) Gernika-Lumon. Egurre gazte asanbaldak deituta, udalerriko zein inguruetako gazteek “makroproiektuaren” kontrako euren iritzia kaleratu dute manifestazio bidez, eta proiektu horren aurrean mobilizatzeko deia luzatu diete gazte langileei.
Izan ere, ikasle greba deitu zuten gaurko, eta, arratsaldean hasita, 24 orduko kanpaldia egingo dute Pasealekuan. Ondorioz, kanpinekin eta lo sakuekin bertaratzeko deia egin dute, baita antolatu dituzten hitzaldi eta mahainguruetan parte hartzekoa ere.
Izan ere, eskualdean “larrialdi bat” dagoela diote: “Makroproiektu suntsitzale baten eraikuntza. Gure dirutik ordainduko dute, eta, ezinbestean, gazteoi kalte izugarria erangingo die”. Hori dela eta, gazteria aktibatu eta proiektuaren kontra antolatzeko beharra agerian utzi dute. “Daliako eraisketak eta udazkenean hastekoak izan diren Guggenheim Gernika-Murueta bideko obrek agerian uzten dute proiektua aurrera doalak”, salatu dute gazteek.
Horrez gain, proiektuak Urdaibaiko Biosfera Erreserbari eta bertako espezie babestuei eragingo dien inpaktua ere aitatu dute gazteek, baita langile klaseari edo gazte langileei ekarriko diena ere. “Turismora bideratutako lan baldintza prekarioak eta aldi batekoak sortuko dira, alokairu turistikoen hedapena emango da, eta, aldi berean, bertokoak emantzipatzeko ezintasuna areagotuko da. Soldata baxuak, ur eskasia, prezioen gorakada orokorra, garraioaren areagotzea eta euskararen erabileraren beherakada eragingo ditu proiektuak. Dirudunentzako arte ekoizpenak aisialdiaren pribatizazioa eta langile klaseko gazteontzako aisialdirako espazio falta ere ekarriko ditu, beste hainbat gauzaren artean”, argudiatu dute.
Instituzioek proiektuak Busturialdearentzako bultzada ekonomikoa eta onura ekologikoa ekarriko dituela esan arren, dena gezurra dela uste dute gazte asanbaldakoek: “Guk argi dugu enpresarien eskaerei erantzuten dien proiektua dela, eta eskualdeko biztanleri osoari onura ekonomikoa ekartzetik urrun, Urdaibain eta Busturialdean eraiki nahi duten negozio turistikoaren parte direnei bakarrik ekarriko diela aberastasuna, gainerako guztion pobretzearen kontura”.
Erantzukizuna.
Salatu dute Urdaibaiko ekosisteman makroerainkuntzen ugaritzea eta masifikazioa bultzatuko dituela Guggenheim Urdaibaik, eta horrek eragingo duen turistifikazio prozesuak Biosfera Erreserba “suntsitzea bultzatuko” duela. “Turismoaren berdearen banderapean maskara ekologista jarri arren, ez duzue gezurrik esango. Makroproiektu honen bultzatzaile nagusia EAJ-PNV da. Eta PSOEren Espainiako Gobernua da bere aliatu nagusia. Bizkaiko Aldundiaren bidez, Kosta Legea aldatzera bultzatuz, makroproiektua finantzatzen, komunikabideetan gezurrak esaten, informazioa estaltzen… ari dira. Horiez gain, asko dira makroproiuektu honen sostengua diren alderdi politikoak, erantzule zuzenak direnak”, gehitu dute.
Ondorioz, legediak “tresna kapitalistak” direla esan dute, instituzioek “euren interesen arabera erabili eta moldatzen” dituztenak: “Horretarako dira instituzio publikoak. Izan ere, gizarte burgesaren lege batek interes kapitalistak kolokan jartzen baditu, lege hori aldatzen dute inongo ondoriorik barik”. Horregatik esan dute garrantzitsua dela “logika instituzionaletik kanpo” antolatzea, benetan euren interesak erdigunean jartzea nahi baldin badute behintzat. “Guk argi dugu: Gernikako gazte langileok ez dugu nahi Guggenheimik ez Muruetan, ez Gernikan, ez inon. Horren aurrean antolatu eta borrokatu behar dugu. Politikarien borondatearen zain egon ordez, langiliok klase modura erantzun behar diogu makroproiektu turistiko honi. Lehen lerroan jarri behar gara, gu garelako guzti honen ondorioak biziko ditugunak, eta Busturialdean bizitzeko zailtasunak izango ditugunak”.
Eta, gazteek zeresana badutela iritzita, Guggenheim Urdaibai Stop platafomakoek deitutako biharko mobilizaziora joateko deia egin dute; 18:00etan jarri dute ordua. “Gauzak aldatzeko lehen urratsa gugandik dator: gazte langileok borrokara”.