Tradizioz betetako euskal jaian elkartuko dira Kanpantxun
Kanpantxuarrentzat berezia den egunean elkartuko dira herritarrak zapatuan (urriak 12): Euskal Jaian. Eta festak euskal giroz eta jantziz beteko ditu Kanpantxuko baserriak eta plaza.

Euskal ohiturei eta tradizioei balioa emateko eta horiek ikusarazteko eguna ospatuko dute zapatuan (urriak 12) Kanpantxun. Beste behin, Euskal Jaiak euskal giroz eta jantziz beteko ditu Kanpantxuko baserriak eta plaza, eta herritarrei zein bizilagunei bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek, herri txikiaren adierazle den jaia delako zapatukoa.
Babestutako ezagutza da folklorea, arbasoengandik jasotakoa, nortasunaren adierazgarri dena. Hala, euskal tradizioa goraipatzeko eguna izango da, eta herriko baserriak jendez beteko dira. Izan ere, eguerdian hasiko dira ajangiztarrak ospakizunekin.
Ohi legez, 12:00etan jaurtiko dute txupina plazatik, eta, jarraian, ohiturari eutsiz, euskal dantzak egingo dituzte. Herriko txikienak izango dira protagonista nagusiak aurten ere, iraileko barikuetan batzen aritu baitira, Euskal Jaiari hasiera emateko dantzak entseatzeko helburuz. Hala, eurak arduratuko dira jaiari hasiera emateaz.
Dantzak eginda, Kanpantxuko Euskal Jaiaren ezaugarria den baserriz baserri joateko ibilbidean batuko dira herritarrak. Izan ere, etxebizitza bakoitzaren aurrean egonaldiak eta euskal dantzak egingo dituzte, bizilagunen arteko harremanak estutzen dituzten bitartean. Iazko legez, aurten ere Kittu elektrotxaranga izango da musika jarriko duena.
Ostean, frontoian batuko dira herri bazkarian. 70 lagun ingururen aterpe izango da Kanpantxuko Euskal Jaia, horrenbestek izena eman baitute poteorako eta bazkarirako; 55 bizilagun helduk eta 15 umek izena eman dute.
Sabela beteta, kirola egin edo ikusteko momentua helduko zaie kanpantxuarrei. Haur eta nagusientzako herri kirol erakustaldia eskainiko dute Sustabizekoek, eta denetariko herri kirolekin gozatzeko aukera izango dute txikienek, izan ere, herri kirol parte hartzaileetan parte hartzeko aukera izango dute, musikak lagunduta.
Egitaraua.
12:00. Txupinazioa, umeen dantza ekitaldiagaz.
Gero. Baserriz baserri poteoa Kittu elektrotxarangak girotuta.
15:00. Bazkari herrikoia frontoian.
17:00. Herri kirol parte hartzaileak Sustabiz Fundazioaren eskutik.