Liga bide onetik hasteko bigarren aukera
Lointek Gernika Bizkaiak Movistar Estudiantesen kontra jokatuko du datorren zapatuan [urriak 12], etxeko jarraitzaileen aurrean, Emakumezkoen Endesa Ligaren bigarren jardunaldian.
Duran Maquinaria Ensinoren aurkako partiduko une bat.Lointek Gernika Bizkaia Lointek Gernika Bizkaiak Emakumezkoen Endesa Ligaren bigarren jardunaldiari helduko diote datorren zapatuan [urriak 12], Malosten, 18:00retan hasita. Liga erregularraren estreinako jardunaldia ez zuten hanka onez hasi gernika-lumotarrek, Duran Maquinaria Ensino taldearen kontrako norgehiagoka galdu egin baitzuten. Edozelan ere, denboraldiaurrean bistaratutako sentsazio eta emaitza onak erakusten jarraitzeko aukera edukiko dute.
Taldetik adierazi dutenaren arabera, “hutsetik” hasiko dute liga. Galiziarren aurka lorturiko eta ostean galdutako 13 puntuko aldea “ahaztea” bilatuko dute, partiduaren bigarren zati “lehiakorragoa” egin asmoz. Iragan asteko gorabehera hori, azaldu dutenez, “normala” izan daiteke, Malostekoek aurten daukaten lantaldea “oso gaztea” baita. Hori horrela, egokitzapen sasoian bete-betean murgilduta dago taldea. Movistar Estudiantes taldeari dagokionez, ligako puntakoenetakoa da hala joko aldetik, nola lantaldeari dagokionez. Hain zuzen ere, Celtaren aurka Magariñosen garaipena poltsikoratuta iritsiko da Gernika-Lumoko neurketara. Partidu hartan, madrildarrek egundoko maila erakutsi zuten hirugarren laurdenean. Hori bai, eguazteneko [urriak 9] Eurocup Women txapelketako norgehiagokan, Tarbes talde frantziarraren kontra 87-60 galdu zuten.
Gernika-lumotarrek ez dute ogibide errazik edukiko David Gallegoren taldeari aurre egiteko. Lantalde berritua dauka aurten Movistar Estudiantesek. Lointek Gernika Bizkaian aritutako Gracia Alonso de Armiñok, Juana Camilionek edota harrobiko Paula Saraviak beren hitzarmena berritu dute aurten, baina badute erreferentziazko beste talde bat ere: Angela Salvadores. Horrez gain, Frieda Buhner, Alexandra Sharp, Isabel Latorre, Liliana Banaszak, Kristina Topuzovic edota Seehia Ridard moduko jokalari arriskutsuak ere badituzte.
Madrildarrek ez bezala, Malostekoek aste osoa izan dute partidua prestatzeko, ez baitute inongo hitzordurik eduki Europako txapeketan. Horrenbestez, aurkariak partidura “nekatuta eta higatuta” iristea espero dute, eta egoera horren aurrean lehiakor agertzea. Helburua, erraza izan ez arren, argi eta garbia da: etxekoen aurrean liga erregularreko lehendabiziko garaipena poltsikoratzea.

