26. Xixili Torneoak 400 gimnasta inguru elkartuko ditu
26. Xixili Torneoa lehiatuko dute asteburuan, Gernika-Lumon. Goi mailako parte hartzea aurreikusi dute, hala taldeka, nola bakarka; tartean egongo da etxeko taldea, Xixili Kluba.
Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekua zesta-puntaren katedrala izatetik goi mailako gimnastika erritmikoaren agertoki izatera igaroko da datorren asteburuan. Izan ere, 26. Xixili Torneoa egingo dute zapatuan [urriak 12] eta domekan [urriak 13], doako sarreragaz. Urte amaieran gimnastika erritmikoko Espainiako Txapelketa lehiatuko dutenez, hitzordu horretarako prestakuntzan geltoki oso esanguratsua izango da asteburukoa. Hori horrela, Euskal Herriko talderik puntakoenez gain, Espainia osotik bertaratuko dira parte hartzaileak; tartean, etxeko taldea, Xixili Kluba, garaipenaren lehian murgilduta egongo da.
Zapatuan, egun osoko egitaraua edukiko dute, goizez (10:00etan) hasita nahiz arratsaldez (16:00retan) ariko baitira taldeak; domekan, aldiz, goizean (10:00etan) lehiatuko dute txapelketa eta ondoren sari banaketa ekitaldia egingo dute. Xixili Klubetik adierazi dutenez, 400 parte hartzaile inguru hurreratzea aurreikusten dute, “hautagai argirik gabe“: “Euskal Herriko taldeek beti maila handia erakusten dute txapelketan, batik bat, Donostia, Sakoneta edota Tolosa modukoek; dena dela, kanpokoak ere goi mailakoak dira”.
Xixili Klubekoak bai taldeka, bai bakarka ariko dira. Taldekako lehian, Oinarrizko Haurrak taldeak pilotagaz lehiatuko du; Oinarrizko Gazteak T taldeak, hiru uztaigaz eta pilota bigaz; Oinarrizko Gazteak P taldeak ere hiru uztaigaz eta pilota bigaz. Banakakoei dagokienez, haur kategorian, Ainhize Ormaetxea eta Ane Axpe xingolagaz ibiliko dira; kadete mailan, Agurne Uribarri, hura ere xingolagaz. Gazte kategorian, Idoia Hormaetxeak sokagaz lehiatuko du, Nile Aberasturik ere. Azkenik, Garazi Aslak senior absolutu mailan lehiatuko du, xingolagaz eta mazekin.