KAE-2ko laugarren postua Busturialdea AKErentzat
Busturialdea Arraun Kirol Elkarteak laugarren postuan bukatu du denboraldia, eta horrekiko arraunlarien lanaren "balorazio oso positiboa" egin du zuzendaritza taldeak.
KAE-2 taldean lehiatu dira denboraldi honetan Busturialdea AKE taldeko arraunlariak, Luis Angel Salvadorren agindupean, eta “play off-etan sartzeko borrokatu arren”, ez dute lortu. Horrela, klasifikazioko laugarren postua bereganatu dute, 40 puntu eskuratuz. Taldearen lanarekin harro agertu da zuzendaritza taldea, ordea: “Mutilek lan bikaina egin dute, eta maila polita erakutsi dute estropada gehienetan”. Izan ere, ligako talderik gazteena izan omen dute Busturialdekoek, aipatu dutenez, hainbat jubenil igo baitituzte nagusiekin lehiatzen denboraldi honetan zehar. “Guretzako garrantzitsuena, igotako gazte horiek hurrengo urteetarako maila horretan lehiatzeko esperientzia hartu dutela da”, aitortu dute.
Hasieran finkatutako helburu bat izan ez arren, play off-etan sartzeko borrokatzen aritu dira azkenengo estropadetara arte, baina ezin izan dute horretan lehiatzeko txartela lortu. Hala ere, “oso balorazio positiboa” egiten du zuzendaritza taldeak arraunlarien denboraldiarekiko. Entrenatzailearekin ere oso pozik agertu dira, eta hurrengoa azpimarratu dute Salvadorrengan: “Berak hurrengo denboraldian ere gurekin jarraitu nahi badu, gu pozik egongo gara”.
Alegia, hurrengo urtera begira “berdin jarraitzeko” esperantzari heldu diote: “Lan eta lan egitea da helburua urtero, estropada bakoitzean ahalik eta nibel hoberena erakusteko, eta aurkarieri garaipenak zail uzteko, gutxienez”. Aipatu bezala, hurrengo denboraldian, gaztetxoenak ere “prest” ikusten ditu zuzendaritza taldeak KAE 2 taldean lehiatzeko, eta nola ez, garaipenak lortzeko. Horregatik 2025. udan “helburu nagusiagoak finkatzeko prest” ikusten direla aurreratu dute.