`Haurtzaroa artean´ erakusketa Gernika-Lumon
Bilboko Arte Ederren Museoko artelanen erreprodukzioak biltzen dituen erakusketa da `Haurtzaroa artean´, eta beste hainbat herritan egon ostean, abuztuaren 26ra [astelehena] arte Gernika-Lumon izango da ikusgai.
Erakusketa hau, Artearen Ibilbidea proiektuaren parte da. V. edizioa, hain zuzen ere. Bermeon, Mundakan eta Elantxoben (besteak beste) egon ondoren, Gernika-Lumoko Merkurio plazan egin du hurrengo geltokia. Aire zabaleko erakusketa denez, ordutegi finkorik ez du, beraz, edozein ordutan bisitatu daiteke. Herri bakoitzean aste batez erosotzen da erakusketa hau. Horrela, Gernika-Lumon, abuztuaren 19tik 26ra arte izango da. Astelehenetik astelehenera.
Erakusketa ibiltaria Bizkaiko udal desberdinek eta BBK-k bultzatutako Herriz Herri programaren baitan kokatzen den proiektua da, eragin sozial positiboa duten ekintzak sustatzeko helburupean lan egiten duena. Esposizioak Bilboko Arte Ederren Museoko artelanen erreprodukzioak biltzen ditu, `Haurtzaroa artean´ lelopean. Izan ere, haurtzaroak pertsonengan duen eragina islatzea lortzen du erakusketak. Hala nola, haurtzaroari eta aisialdiari buruzko ikuspegi zabala erakusten dute erakusketaren baitan kokatzen diren 39 lanek: poztasuna, tristura, haserrea eta beste zenbait emozio sentiarazten dituzten lanak dira gehienbat. Mota askotakoak dira, gainera. Kolorezkoak daude, zuri-beltzezkoak ere bai, bertikalak, horizontalak, teknika desberdina erabiliz egindakoak, etabar.
Gainera, argazki bakoitzaren azalpenak ere irakurteko eta entzuteko aukera ematen du erakusketak. Batik bat, argazki ororen azpian idatzizko azalpen bat agertzen delako. Baina hori gutxi balitz, QR baten bidez, azalpen horiek bakoitzaren mugikorretan entzuteko aukera ere ematen du, audioa lau hizkuntzatan ahalbidetuz: euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez.