Badatoz Altamira auzoko jaiak
Asteburua [abuztuak 10 eta 11] izango da Busturiko Altamira auzoko jaien testigu, eta denetarik uztartutako egitaraua antolatu du Udalak.
Zapatua [abuztuak 10] eta domeka [abuztuak 11]. Horiek izango dira jai egunak Busturiako Altamira auzoan, Itsasoko Ama Birgina jaiak direla medio. Hala nola, zapatuan arratsaldeko egitaraua eta domekan egun osoko egitaraua eskainiko du auzoak.
Dantza, janaria, musika eta kalejira dira egitarauak eskaintzen dituen hainbat ekintzetako batzuk. Adin guztietarako eta mota guztietako ekintzak uztartzen ditu aurtengo egitarauak. Horrela, zapatuan arratsaldeko 17:00etan eskupilota partidek emango diete hasiera auzoko jaiei. Txikienen gozamena sustatzeko ere egongo da aukera, aparraren festa eta gazteluarekin, alegia. Afaltzeko tortila txapelketa ospatuko da, eta bitartean, Kantu Kantari izango da auzoan. Jai giroak eguneko azken orduetaraino iraungo du, izan ere, 23:15etan Oskarbe Dantza Taldearekin dantzaldia egongo da.
Domekan berriz, esan bezala, 11:00etan hasiko da festa, herriko txistularien kalejirarekin. Horren ostean, meza nagusia izango da, eta jarraian Irrintzi Alai Dantza Taldea eta Etxebarria trikitilariek girotuko dute eguna, domeka izan arren, auzoan jai giroa mantenduz. Portugalko eta Egiptoko dantzak ikusteko aukera ere egongo da 19:00etan, eta azkenik, jaiei itxiera emateko 21:30etan Trio Veracruzen kontzertuaz gozatuko du auzoak.