Busturiak Hradistko txekiar herriaren bisita jaso du, herri bien arteko senidetza dela eta
Hradistkoko ordezkari instituzionalen bisita ofiziala jaso dau Busturiako Udalak, bi herrien arteko senidetze akordioaren baitan. Busturiko hainbat toki bisitatu ostean, "Txikoria belarrak loratzen ez zirenean" erakusketa inauguratu dute.
Abuztuaren 4tik 6ra bitartean izan da bisita. Bisita horrekin, Busturiak Txekiako herriarekin duen senidetzarekin aurrera egiten duela sustatu dute. Izan ere, Busturiak joan den maiatzean Aitor Aretxaga alkatea buru zala, Busturiako memoria historikoaren ikertzaileen taldeko ordezkariekaz batera, Hradistko herria bisitau eban, bi udalerrien senidetzea berresteko. Senidetza horren jatorria, domekan [abuztuak 4] omendutako Anjel Lekuonaren memoria da, 1945ean Hradistko kontzentrazino-esparru nazian fusilau baitzuten.
Hraditskoren ordezkari instituzionalek, Busturiako alkate Aitor Aretxagak eta udaleko zinegotziek antolatutako ekitaldietan parte hartu dute. Busturiako udaletxean egindako harrera ofizialean, Aitor Aretxaga alkateak azpimarratu dauenez, “Busturiako herritarra izan zan, Anjel Lekuonaren, oroimen historikoa berreskuratzea izan zan gure herriak hurbiltzeko prozesuaren eragilea, eta horrek ekarri dau gure senidetzea eta gaur hemen egotea. Honi esker, Hradistko eta Busturiako ordezkariak, alkar gehiago ezagutzeko, etorkizuneko proiektuak garatzeko eta, batez be, geure herrientzat aberasgarriak diran bizi-esperientziak trukatzeko aukera daukogu “.
Horren baitan, egun osoko egitasmo zabalaren ondoren, Altamira auzoko Kultur Etxera joan ziren, eta han, “Txikoria belarrak loratzen ez zirenean” erakusketaren inaugurazioa egin zuten. Horrela, irailaren 30era arte bisitatu ahal izango da erakusketa hau, astelehenetik barikura. Abuztuko eta iraileko ordutegian desberdintasunak daude, batez ere, abuztuan goizez bakarrik bisitatu ahal izango delako, 09:00-14:00 bitartean. Irailean, ordea, goizez 09:00-11:30 artean, eta arratsaldez, 16:00-20:30 artean.