Gerra Zibilean hildako busturiarrak omenduko dituzte domekan
Abuztuaren 4an egingo dio Busturiak Gerra Zibilean hildako herritarrei omenaldia, egun guztiko egitaraua eskainiz.

12:00etan emango diote ekitaldiari hasiera, Axpe auzoan. Izan ere, busturiarrak Izpiluetako monolitoaren aurrean topatuko dira ikurrina igotzeko, eta bide batez, loreak eskaintzeko. Ekitaldia ez da Axpeko auzoan soilik jorratuko, hain zuzen ere, 13:30etan Altamirako plazara joko dute, eta han berriz ere lore-eskaintza egingo dute. Kasu honetan, Angel Lekuonari, nazien kontzentrazio batean erail zuten busturiar gudariari.
Arratsaldean ere jarraituko du herriak omenaldiarekin. 19:00etan, berriz ere, Altamiran. Kultur Etxean, alegia. Han, Busturirekin senidetutako udalerria den Hradisktori buruzko erakusketa inauguratuko dute, eta horrekin emango diote amaiera ekitaldiari.