Madalen eguna ospatzen ari dira gaur [uztailak 22], Busturialdean. Urteroko usadiorari jarraituz, Bermeoko alkateak teila bota du Izaro parean, irla Bermeoko lurralde dela berretsiz. Jai giroa nabarmena da Elantxoben zein Bermeon, baita Mundakan eta Mendatako Albiz auzoan ere.
Galiziako uretatik ligako seigarren banderagaz itzuli dira Urdaibaikoak, atzo Boiron nagusituta. Zapatuan, berriz, hirugarrenak izan ziren Aguiñon. Sailkapeneko lehen postuan mantentzen dira.
Gernikako Grand Slamaren lehenengo jardunaldian, Johan eta Lopezek eta Erkiagak eta Mantzik lortu dituzte garaipenak. Emaitza borobiltzea kostatu zitzaien batzuei zein besteei, baina lehen lau puntuak lortu dituzte bi bikoteek.