Isla Kaleko kirol makinak berritzen hasi dira
Isla Kale kiroldegiko kirol makinak "zaharkituta" daudenez, udalak horiek apurka-apurka berritzeko prozesuari ekin dio, herritarren beharrizana jaso ondoren.
Mundakako Udala Isla Kale kiroldegiko kirol makinak berritzen hasi da. Udal ordezkariek III. Hitzaldi Informatiboan argitu zuten, besteren artean, kirol makinak zaharkituta daudela eta, horrenbestez, horiek modu progresiboan berritzeko prozesua egingo dutela.
Kiroldegiko ekipamenduaren berritzea, hain zuzen ere, herritarrek udal gobernu taldeari modu argi eta garbian eskatu dioten neurrietako bat da, 107 boto jaso baitzituen 2024ko aurrekontu parte hartzaileetako bozketan; bigarren neurririk bozkatuena izan zen.