Juerga giroa, barreak eta lokatza gailendu dira Gazte Egunean
Zapatuan goizeko 11:00etan hasi eta domekako 07:00ak arte iraun du Muxikako XIII. Gazte Egunak.
Belarra eta euria ez dira lagunik onenak. Are gutxiago bedar horren gainean ehundaka pertsona batzen direnean. Eta hori gertatu zen zapatuan [ekainak 8] San Romaneko ermita inguruko landetan. Bertan egon zirenek zein bertara joan zirenen etxeko lagunak konturatu ziren San Romanen sortutako lokatzaz. Eguraldia, baina, ez zen aitzakia izan eta jendez lepo bete zen txosnagunea, batez ere gauean zehar.
11:00etan, Oxygastra Curtisi taldekoak arduratu ziren txupina jaurti eta jai egunari hasiera emateaz. Goizak aurrera egin ahala, gero eta jende gehiago hurbildu zen San Romanera, eta giroak ere gorantza egin zuen. Baso Txoritxu dantza taldekoek bereganatu zituzten begirada guztiak 12:00etan, eta ostean Kittu erromeriakoak arduratu ziren bertaratutakoak kantuan eta dantzan jartzeaz.
Muxikako Gazte Eguneko egitarauean inoiz falta ez den paella txapelketaren txanda iritsi zen 15:00etan. Ordu horretarako aurkeztu behar izan zituzten sorkuntza gastronomiko ederrak, eta epaile zorrotzek ordu erdiz dastatu ondoren, 15:30ean hasi ziren bazkaltzen.
Bazkaldu ostean bingo musikatua eta kuadrilla arteko olinpiadak izan zituzten. Minutu batean ahalik eta erropa gehien nork eransten zituen, piramide bat sortu eta arrautza lurrera jaurti gabe mantentzea edota pañuelitora jolastea izan ziren frogak.
Herritarren saioa.
19:30ean Muxikako Onintza Enbeitak, Koldo Gezuragak eta Asier Galarzak bertso saioa eskaini behar zuten ermita barruan. Baina arazoak tarteko, kanpoan egitea erabaki zuten. Saio ederra eskaintzeaz gain, ondo kantatu bazuten ere, orduntxe hasi zen euria, eta ez zen gau osoan zehar gelditu.
Gaueko kontzertuak ere eguraldiaren menpe izan ziren. Hala ere, 21:00etan Kuteren konztertuarekin gauari hasiera ematea erabaki zuten. Ostean heldu ziren Txoriburu Produkzions eta Xiberoots. Eta kitto. Altxa Porru erromeria eta Dj Oier Mendizabal ezin izan ziren oholtzara igo egoera metereologikoa zela eta. Hala ere, musikan txosna jarri eta 07:00ak aldera arte geratu zen jendea San Romanen.