11 orduko irakurraldian elkartuko dira Gernika-Lumoko berbalagunak
Etzi (azaroak 29) elkartuko dira Elai-Alai aretoan, 09:00etatik eta 20:00etara bitartean, eta Joseba Sarrionandiaren 'Narrazio Guztiak' liburuaren hainbat pasate irakurriko dituzte udalerriko eragile, erakunde eta taldeek.
Urtero legez, Euskararen Eguna dela eta, 11 orduko irakurraldia prestatu du Gernika-Lumoko Berbalagunek. Aurton, etzi (azaroak 29) elkartuko dira Elai-Alai aretoan, 09:00etatik eta 20:00etara bitartean, eta Joseba Sarrionandiaren Narrazio Guztiak liburuaren hainbat pasate irakurriko dituzte udalerriko eragile, erakunde eta taldeek. Sarrionandiak berak ere parte hartuko du ekitaldian.
Narrazio guztiak lana 2016an ere irakurri zutela jakinarazi dute berbalagunek, baina Sarrionandia ez zen irakurraldira gerturatu, bere orduko egoeragatik. Edizio honetan, aldiz, idazleak berak ere parte hartuko duela nabarmendu dute. “Hamahirugarren edizioa izango da aurtengoa, eta hamaikatxo lan zein idazle pasatu dira Berbalagunek prestatzen duen oholtzatik”.