Izaron hautsak, Pello Joxepak, Errima ehiztariak eta Sagutxo kaskarinak taldeak, BBK Sariketako finalean
Bertsolari Gazteen BBK Sariketako azken finalaurrekoak jokatu dituzte dagoeneko, eta Izaron hautsak, Pello Joxepak, Errima ehiztariak eta Sagutxo kaskarinak taldeak ariko dira finalean.
Aste honetan, Mungian (atzo) eta Getxon (astelehenean, azaroak 20) lehiatu dituzte 31. BBK Sariketako finalaurrekoak, eta erabakita geratu dira zein talde ariko diren finalean. 24 urtera artekoen lehian, Janire Arrizabalaga bertsolari gernikarra kide den Izaron hautsak taldea eta Pello Joxepak taldea ariko dira. 18 urtera artekoen lehian, berriz, Errima ehiztariak eta Sagutxo kaskarinak taldeek parte hartuko dute.
Finalaurrekoak “oso giro onean” lehiatu zituzten, eta finala ere era berean joatea espero dute; azaroaren 29an, 18:00etan, BBK Salan lehiatuko dute finala, eta sarrera doakoa izango dela adierazi dute.
“Talde izaera” eta “bertsolarien arteko harremanak” indartzea da sariketaren helburu nagusia, eta taldeko plan bat izango da, hain zuzen ere, aurtengo sari nagusia. Finalistek garaikurrak jasoko dituzte, baina sari nagusia txapelketan parte hartu duten gazte guztientzako (bertsolari, gai jartzaile eta epaile) egun osoko plana izango da. Horrez gain, finalean, parte hartzaile bakoitzarentzako oparia ere banatuko dute, eta, iazko moduan, kantakera onenaren saria ere banatuko dute.