Gaminderen eta Zabaletaren aurkako Lau t´erdiko partidua hartuko du Arratzuk
Arratzuko Gaminderen eta Zabaletaren arteko aurrez aurrekoan erabakiko da zein den Lau eta Erdiko txapelketako Garairen aurkaria finalerdietan.
Lau t´erdiko txapelketa bero-bero dago, eta asteburu honetan Arratzun eta Legution jokatuko diren bi jardunaldietan erabakiko dira abenduaren 6an Abadiñoko Matiena pilotalekuan jokatuko diren pilota mistoko finalerdiak; izan ere, Amaia Aldai eta Leire Garai euren aurkariak ezagutzeko zain daude. Arratzuk domekan (azaroak 26) hartuko du Enara Gaminderen eta Goiuri Zabaletaren aurkako partidua, 12:45ean hasita.
Hain zuzen ere, Arratzuko Gaminderen eta Zabaletaren arteko aurrez aurrekoan erabakiko da zein den Olatz Arrizabalaga pilotari gernikarrari irabazi zion Garairen aurkaria finalerdietan. Estilo “oso ezberdineko” bi pilotari gazte dira bizkaitarra eta nafarra, atzelari “oso indartsua” Gaminde eta erremateetan “bizia” Zabaleta. Hala, neurketa berdindua aurreikusten dute arduradunek.
Legution, aldiz, atzelarien arteko demaz gozatu ahalko dute ikusleek, Maider Mendizabal eta Miriam Arrillaga nor baino nor gehiago ariko direlako. Arrillaga izan zen pilota mistoagaz jokatu zen lehiaketako lehen txapelduna, eta helburua berdintzeko asmoa badu, Mendizabali irabazi beharko dio lehenengo. Irabazleak Aldairen kontra jokatuko du hurrengo kanporaketan.