Haurtzaro Solidarioa proiektuaren elkartasun azokak hartuko du Gernikako Merkatu plaza
Bigarren eskuko liburuen eta jostailuen azoka domekan izango da, eta horretarako jostailuak biltzen ari dira. Iparralde-Hegoalde misio taldeak antolatutako azokan bildutako dirua Ekuadorreko Los Rios eskualdeko hezkuntza unitate espezializatu batera bideratuko dute.
Iparralde-Hegoalde misio taldeak bigarren eskuko liburuen eta jostailuen azoka jarriko du domekan [azaroak 26], Merkatu plazan. 12:00etatik 14:00etara zabalduko dute azoka, eta azken orduan egingo dute errifaren zozketa.
Urdaibaiko Katekesietan antolatu dute ekimena, eta domekarako jostailuak eta liburuak batzen ari dira. Jostailuak edo liburuak eman gura dituztenek Gernika-Lumoko katekesiaren lokalera eroan beharko dituzte, katekesi orduetan, edo bihar goizean 10:00etatik 12:00etara bitartean. Hori bai, aukeratutako jostailuak eta liburuak egoera onean egon beharko dira.
Urdaibaiko katekesiak elkartasuna lantzeko asmoagaz sortutako Haurtzaro Solidarioa proiektuak urtez urte proiektu desberdinetara bidaltzen du bildutako dirua, baina aurten, iazko ekimen berdina bultzatzea erabaki du: Ekuadorreko Los Rios eskualdeko Karmengo Andra Mari Hezkuntza Unitate Espezializatu Fiskoemozionalera, hain zuzen ere; iaz 4711 euro bildu zituzten. Unitate horretan, mendekotasunen bat daukaten ume eta gaztetxoei zerbitzua eskaintzen diete, eta domekan bildutakoagaz horien “bizi kalitatea hobetzeko” ekarpena egin gura dute.
Hezkuntza unitate espezializatu horretan, ume eta gaztetxoak artatzeaz gain, prebentzioa eta sentsibilizazioa lantzen dituzte: “Kalitatez eta berotasunez zebitzatzen duten langileen etengabeko gaikuntza sustatuz, ume eta gazteen bizi baldintzak hobetzen dituzte, eta euren gizarteratzea, hezkuntza eta laneratzea errazten dute, familien parte hartze dinamikoarekin eta komunitatea sentsibilizatuta”.
Hamasei urtetan, 80.891 euro.
Proiektua 2005ean jarri zen martxan lehen aldiz, eta ordutik ikasturte bakoitzeko lehen hiru hilabeteetan garatu da, guztita 80.891 euro bilduz. Ziurtatu dute, nahiz eta ekitaldi nagusia domeka honetan egingo duten, lehenengo hiruhilekoaren zati handi bat egitasmoa lantzen igaro dutela (familientzako hitzaldiak, katekesi saioak, babesleak bilatzea, kartelak egitea, zozketak diseinatzea, jostailuak jasotzea eta sailkatzea, edota ospakizuna prestatzea). “Hasiera batean katekistak ziren proiektu hau prestatu eta gauzatzen zutenak, baina gaur egun Iparralde-Hegoalde taldeak koordinatzen du”, azaldu dute.
Proposatutakoa bermatzeko, bi alderdi zaintzen dituztela azaldu dute: alde batetik, ikasle eta gurasoak kontzientziatzen dituzte munduko baliabide banaketaren desorekaz; bestetik, zehaztutako egutegi baten baitan, zenbait ekintza planifikatzen eta koordintzen dituzte. “Jarduera hau beste batzuk bezala, baliozko esku hartze bide bat da. Hori dela eta, inplikazioa bermatzeko, familientzako hitzaldiak eta katekesi saio espezifikoak prestatzen dira, saioaren ardatz nagusia elkartasuna izanda”, azaldu dute. Halaber, proiektuaren porrota ekiditeko garrantzitsua dela planifikatzea esan dute.