4.711 euro batu dituzte Ekuadorreko Hezkuntza Unitate Espezializatu Fiskoemozionalerako
Iparralde Hegoalde misio taldeak Haurtzaro Solidarioa kanpaina jarri du martxan, eta bigarren eskuko liburuen eta jostailuen azokan batu du dirua. Bildutako ditu hori Ekuadorrera bidaliko dute, unitate horretan mendekotasunen bat duten ume eta gaztetxoen "bizi kalitatea hobetzeko".
Beste urte batez, Iparralde Hegoalde misio taldeak Haurtzaro Solidarioa kanpaina jarri du martxan, eta bigarren eskuko liburuen eta jostailuen azoka egin zuen atzo eguerdian, Gernika-Lumoko Merkatu Plazan. Guztira, 4.711 euro bildu zituzten pandemiaren ondoren berreskuratu zuten azokatxoan; hamazortzigarrena izan da aurtengo bilketa.
Orain, bildutakoa Ekuadorrera bidaliko dute, Los Rios eskualdean dagoen Karmengo Andra Mari Hezkuntza Unitate Espezializatu Fiskoemozionalera, hain zuzen ere. Unitate horretan mendekotasunen bat daukaten ume eta gaztetxoei zerbitzua eskaintzen diete, eta, bildutako diru horregaz euren “bizi kalitatea hobetzeko” ekarpena egin gura dute.
Hezkuntza unitate espezializatu horretan, desgaitasunen bat duten ume eta gazteak artatzeaz gain, prebentzioa eta sentsibilizazioa lantzen dituztela azaldu dute. “Kalitatez eta berotasunez zerbitzatzen duten langileen etengabeko gaikuntza sustatuz”, ume eta gazteen bizi baldintzak hobetzen dituzte, eta euren gizarteratzea, hezkuntza eta laneratzea errazten dute. “Guzti hori familien parte hartze dinamikoarekin eta komunitatea sentsibilizatuta”, azaldu dute.
Hori horrela. asko izan ziren atzo elkartasuna adieraztera Merkatu plazara gerturatu ziren herritarrak: bigarren eskuko jostailu eta liburuak begiratzen eta erosten ibili ziren. Gainera, Gabon errifaren zozketa ere egin zuten, eta zenbaki irabazlea 3.120 dela jakinarazi dute; ordezko zenbakia, berriz, 4.357 da.
Hamazazpi urtez lanean.
Gernikaldeko elizak 17 urtez egin duen ekimena da honakoa. 2005. urtetik gaur egunera arte, ikasturtearen lehenengo hiruhilekoan antolatu du Urdaibaiko katekesiak elkartasuna lantzeko azoka, eta, beste urteetan egin legez, aurten ere, Katekesietara doazen umeen euren etxeetan dituzten jostailuak eman dituzte.