Greba Feministagaz bat egin du Pentsiodunen Mugimenduak
Greba feministarekiko atxikimendua adierazi du Pentsiodunen Mugimenduak. Era berean, erakundeei zaintzaren eredu pribatuagaz amaitzeko eskatu diete: "Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren joera pribatizatzailearen aurrean, argi eta garbi esan gura dugu hori ez dela emakume pentsiodunen eredua".
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bat egin du azaroaren 30eko Greba Feministagaz. Atzo [azaroak 13] elkarretaratzean batu ziren pentsiodunak Gernika-Lumoko Foruen plazan, eta greba feministarekiko atxikimendua erakusteaz gain, etzi [azaroaren 16] Bizkai, Araba eta Gipuzkoako pentsiodunek Eusko Legebiltzarraren aurrean egingo duten manifestaziora joateko deia egin zuten.
1.080 euroko gutxieneko pentsio baten osagarria eskatuko dute etzi. Gogoratu dute aldarrikapen hori duela sei urtekoa dela, eta Greba Feministaren aldarrikapenekin lotuta dagoela. “Izan ere, gutxieneko pentsio duinik ez izateak eragin egiten dio zaintza duinak jasotzeari, adinekoen egoitza gehieak ez direlako publikoak, eta itunpeko plazak ez direlako nahikoak”, azaldu dute. Gainera, ziurtatu dute Pentsidunen Mugimendua ez dagoela ados etxez etxeko zaintzaileen egungo egoerarekin: “Gehienak migratzaileak dira, eta euren beharrak eraginda, soldata baxuak eta gehiegizko ordutegia duten lan kontratu prekarioak onartu behar izaten dituzte”.
Gernika-Lumoko Ospitaleraren egoera ere aintzat eduki gura izan dute beste behin, hirugarren solairua desgaituta dagoelako eta ez dagoelako pediatria zerbitzurik bertan. “Gai horri behin baino gehiagotan heldu diogu Busturialdeko eta Lea-Artibaiko pentsiodunek, plataformarekin batera, eta zaintzarekin zerikusia duen egoera hori konpontzeko ere aldarrikatu dugu behin baino gehiagotan”, esan dute.
Aurrera begira.
Pentsiodunen Mugimenduak adierazi du etorkizunean arreta “gehiago” jarriko dutela zaintzaren gaian, “horiek ezin direlako bakarrik emakumeen esku egon”. Era berean, erakundeei zaintzaren eredu pribatuagaz amaitzeko eskatu diete: “Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren joera pribatizatzailearen aurrean, argi eta garbi esan gura dugu hori ez dela emakume pentsiodunen eredua”. Hala, zaintza “publikoak, duinak eta kalitatezkoak” aldarrikatu dituzte, “pertsona guztien oinarrizko eskubidea delako”. Azpimarratu dutenez, zaintza lanak ezin dira “norberaren egoera ekonomikoaren menpe egon”, eskubide kolektiboa izan behar du: “Zaintza sistemak publikoa izan behar du, eta ez zaintza negoziotzat hartzen dutenen jatortaasunerako gordetako eremua”.
Horrez gain, pertsona zaurgarriak etxean zaintzen dituztenen lana “profesionalizatua, integrala eta kudeaketa publikokoa” izan beharko litzatekeela uste dute: “Zaintzako langileen lan baldintzak duinak izan behar dira. Zaintza lanak egiten dituzten etxeko langileak zaintzaile profesional gisa aitortu behar dira, eta berehala sartu behar dira Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean, eskubide guztiekin, erregularizatzeko aukera emanez”.
Horiek horrela, sare feministako kideekin batera, hurbileko zaintza zerbitzuak eskatuko dituzte azaroaren 30ean, baita zaintzaileen lan baldintzak duintzeko ere.