36ko gerrari buruzkoak Ajangizen
Maierren 50. urteurrena ospatzeko bi ekintza prestatu ditu udalak kooperatibarekin elkarlanean. Lehenengoan, Ajangizko memoria historikoan sakonduko dute bihar, kultur etxean.
50 urte betzen ditu aurten Maierrek, eta urteurrena ospatzeko zenbait ekintza prestatu ditu kooperatibak Ajangizko Udalarekin elkarlanean. Hala, herriko memoria historikoa biltzeko eta ezagutarazteko helburuari jarraiki, 36ko gerrak Ajangizen izan zuen eraginari eta horren ondorioei buruzko hitzaldian bilduko dira ajangiztarrak bihar; 19:00etan kultur etxean jarri dute hitzordua, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete.
Gernikazarra Historia Taldeko Alberto Zarrabeitia Bengoak eskainiko du berbaldia, eta gerra aurreko zein osteko hainbat garairi buruz berba egingo du.
Udal ordezkariek zehaztu dutenez, Gerra Zibilaren ingurukoak eta haren ostekoak Ajangizen hitzaldian gerrak herrian izan zuen inpaktuari, gerra osteari eta horren ostean Ajangizek Gernika-Lumorekin izandako anexio eta desanexioari buruzko datuak eskainiko ditu Zarrabeitiak. “Garai hartako herritarren pasadizoei buruz berba egingo du Gernikazarrako kideak, tartean gerrari buruz. Gerra aurreko garaian ajangiztarrak zelan bizi ziren, zer egiten zuten ere azalduko du, desanexio prozesuan ere aztertuz”, azaldu du Koldo Karbonel alkateak.
Herriko historiaren kontakizuna argazkiekin borobilduko du Zarrabeitiak, “lehengo bizimodua zelakoa zen ikusteko garrantzitsuak direlako argazkiak”.
Alkateak dio herriko memorian sakontzea eta hori ezagutaraztea “oso garrantzitsua” dela, herriko historiaren pasarteak ezagutu egin behar direlako.
Herri kirol erakustaldia.
Herriko memoria historikoari buruzko hitzaldi horrez gain, Maierren 50. urteurrenerako beste ekintza bat ere prestatu dute: Sustabiz Fundazioaren herri kirol erakustaldia. “Maierrek eta udalak jaialdi bat antolatzea adostu genuen, eta Sustabiz elkartekoekin harremanetan jarri gara, jai prestatzeko”, azaldu du alkateak.
Jaialdia urtarrilean izango dela aurreratu du, baina momentuz ez dutela egunik zehaztu adierazi du. Hala ere, momentuko aizkolari eta harri jasotzaile onenak bertaratuko dira udalerrira, eta umeek ere herri kirol ezberdinak lantzeko aukera edukiko dute.