Hutsegiteak ez dira barkatzen
Lointek Gernika Bizkaiak 68-71 galdu du UB Barçaren kontra, Malosten. Kataluniarrak bereziki distiratsu agertu ez arren, egindako akatsek aukera barik utzi zituzten gernika-lumotarrak.
Sentsazio arraroagaz abiatu zen barikuan [azaroak 3] Lointek Gernika Bizkaiaren eta UB Barçaren arteko neurketa, Emakumezkoen Endesa Ligako seigarren jardunaldikoa. Batetik, Malosteko harmailek txalo zaparraga egin zioten Angie Bjorklund estatubatuarrari; Barçako koloreak jantzita azaldu arren, oraintsura arte etxeko jokalaria izandakoa gogoan eduki zuten Gernika-Lumoko ikusleek. Bestetik, partiduaren dinamikak oso arraroak izan ziren hastapenetik: faltak nabarmendu ziren, giroa hotz samarra zen, baloiaren jabetza gora eta behera zebilen… eta kataluniarrek egoera zukutu zuten, 8-16koagaz aurreratuz. Lehen laurdenaren amaieran, 11-18ko markagailuagaz nagusitu ziren bisitariak, baina aukeren ate denak zabalik zituzten aurkari biek.
Bigarren laurdena heltzeagaz batera, partidua gehiago zaildu zitzaien etxekoei: ez zuten asmatu erasoaldietan, ideiak argitzea falta zitzaien, eta hankasartzeak ugariak ziren defentsa lanetan. Markagailuaren 11-23koa horren isla zen. Laia Floresen eskuetatik ailegatu zen berpiztea, partidua oraindik oso gorabeheratsua zen arren. Hori horrela, Lucas Fernandezek Grace Berger eta Itziar Ariztimuño kantxaratu zituen, Krystal Bradfordegaz batera partidua iraultzeko asmoz. Aldaketek, behintzat, aldeak murrizteko balio izan zuten: 24-28. Edozelan ere, egiten ari zirena gutxi zen egiteko zutenaren aldean. Bien bitartean, Barçak aurrera zeraman bere partidua; 28-34koagaz joan ziren atsedenaldira.
Lointek ez zen gai, hurre egonda ere, Barçaren pare ipintzeko
Nahi eta ezin. Gernika-lumotarrek ez zuten askorik behar partiduari buelta emateko, baina, era berean, nahia eta ezina gailendu zen partidu osoan zehar. Lointek ez zen gai, hurre egonda ere, Barçaren pare ipintzeko. Gabby Nikitinaite lituaniarraren hiruko saskiratzeak 7-0koa osatu zuen, baina zaila zen norgehiagokari neurria hartzea. Maila handia eta borondate are handiagoa erakutsita ere, Gernika ez zen gai mailari luzaroan eusteko. Artean, Jolene Andersonek hirukoa saskiratu zuen, bartzelonarrak oraindik ere borrokarako prest zeudela frogatuz.
Laugarren eta azken laurdenean, gauza bakarra eduki zuten buruan talde biek: garaipena. Joko distiratsua egiteaz ahaztuta, puntuen bila aritu ziren biak ala biak. Bergerrek ez zuen arinago frogatutako lidergorik bistaratu; bai, ostera, Bjorklundek, Barçaren alde. 54ko berdinketaren ostean, kataluniarrek 5-12ko partziala lortu zuten, eta Sofia Da Silva bera kantxaratzeak ere ez zuen puntuen odolustea eten. Akatsek, baina, euren bidea egin zuten, eta horrek ahalbidetu zien gernika-lumotarrei azken txanpara aukerekin heltzea. Hain zuzen ere, azkenengo minutuan 66-66koagaz sartu ziren, eta 68-68koa ere harrapatu zuten. 11 segundoren faltan, Lola Pendantek jaurtiketa libreetako bat saskira bidali zuen.
Azken txanpan, Bradfordek kantxa osoa bakar-bakarrik zeharkatu zuen, baina hark jaurtitako baloiak ez zuen saskira sartu gura izan
Hurrengo jokaldian, Bradfordek kantxa osoa bakar-bakarrik zeharkatu zuen baina, behin guduzelai guztia bakarka gaindituta, baloiak ez zuen saskira sartu gura izan. Falta bizkor baten ondoren, Pendantek berriro bereak eta bi egin zituen jaurtiketa libreetan: 68-71. Segundo biren falta, Bradfordek bere eskuetan eduki zuen partidua, baina hark jaurtitako hirukoak ere ez zuen saskia topatu. Azken markagailu horregaz eta gozoa baino gaziagoa zen zaporeagaz amaitu zuten partidua.
Lucas Fernandez: “Partidua ñabardura txikiek argitu dute azkenean eta, alde horretatik, Barça nagusi izan da”
Hobetzeko asko. Lucas Fernandezek, Gernikako entrenatzaileak, kataluniarren partidua goraipatu zuen, neurketaren ondoren: “Lehen laurdenean, erritmo handia ezarri dute, erreakziorako aukera oso gutxigaz. Bigarrenean, erasoaldian aukera gehiago eduki ditugu, defentsa lan onagaz uztartuta, eta hirugarrenean are hobeto ikusi ditut jokalariak. Dena dela, une batean ere ez dugu erakutsi osotasun edo eraginkortasun sentsaziorik. Partidua ñabardura txikiek argitu dute azkenean eta, alde horretatik, Barça nagusi izan da. Etxean sendo agertzea helburu dugu aurten eta, zentzu horretan, ez gaude pozarren porrotagaz. Asko dugu hobetzeko, eta bide horretan segitu beharra dugu”.