Bertso eskolako gazteen topaleku izango da Gorozika
Azaroaren 24tik 25era, bertso eskolako gazteen arteko harremanak sendotzeko egun pasa antolatu du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Parte hartu gura dutenek azaroaren 12a baino lehen izena eman beharko dute.
Bertso eskolako gazteen arteko harremanak sendotzea beti izan da Bizkaiko Bertsozale Elkartearen helburuetako bat, eta azaroaren 24tik [barikua] 25era [zapatua], helburu horregaz batuko dira gaztetxoenak. Izan ere, egun pasa antolatu dute 2005 eta 2008 urteen artean jaiotako gazteentzat. Gorozikan elkartuko dira barikuan, 17:30ean, eta Lemoan amaituko dute zapatuan, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa amaitzen denean.
Egun pasa horretan parte hartu gura dutenek aurretiaz izena eman beharko dute, eta horretarako azken eguna da azaroaren 12a [domeka]. Izena emateko, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen webgunean dagoen galdetegia bete beharko dute interesatuek, eta, adierazi dutenez, edukiera mugatua izango da. Hori dela eta, parte hartzaileen zerrenda osatzerakoan, izen-ematearen ordena, eskualdeen arteko oreka eta generoa hartuko dituzte kontutan.
Egun berezi horretan, bertso munduan sakontzeko aukera izango dute gazteek, izan ere, bertso eskoletan egiten duten ohiko jardunetik haragoko pauso bat emango dute. “Egun ederra antolatu dugu denok batera egoteko: bertso eskola, ikastaroa, bertso paseoa, txapelketaren azken finalaurrekoa eta aisialdiaz gozatzeko aukera ederra izango da”, azaldu dute antolatzaileek.
Eroan beharrekoa.
Parte hartzera animatzen direnei egun pasa joateko eroan beharrekoen gomendioa egin die Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Hala, lotarako zakua eramateko eskatu die, baita aldatzeko arropa eta Osakidetzako txartela ez ahazteko ere. Zehaztu dutenez, elkartearen esku daude otorduak (afaria, gosaria eta bazkaria) eta finalaurrekoa ikusteko sarrera.