Reggae musikaren trenak Gernikan egingo du geldialdia
Reggae Train-a zapatuan [azaroak 4] ailegatuko da udalerrira. Astra izango da jaiaren elkargune nagusia, baina udalerriko taberna eta kaleetan ere zabalduko dute reggae musika. Eguerdian, bazkari herrikoian batuko dira eta aurretiaz izena eman beharko da.
Reggae zaleek hitzordu goxoa dute zapatuan [azaroak 4] Gernika-Lumon. Urriko Azken Asteleheneko abarkak erantzi, botak lotu eta dotore jantziko dira Reggaeren trenari ondoetorria emateko. Izan ere, Reggae Train-a ailegatuko da udalerrira.
Reggae trenak Bizkaian egingo duen bigarren geldialdia izango da zapatukoa, eta egitarau oparoa prestatu dute Gernika-Lumoko Gerniska Rudelari taldekoek, Durangoko KSKA kolektibokoek, Bilboko Pantx Recordsekoek eta Mungiako Azken Reggae Jantza taldekoek elkarlanean. “Hainbat hilabetez lau eragile bizkaitarren artean aritu gara egun hau antolatzen”, adierazi dute antolatzaileek.
Diotenez, Astra izango da jaiaren elkargune nagusia, baina udalerriko taberna eta kaleetan ere zabalduko dute reggae musika. Izan ere, Pasealekuan Sound Systema egingo dute arratsaldean: Bassetxe Sound System eta Naker Selektor ariko dira musika jartzen, musutruk.
Ohi legez, 13:00etako poteo musikatuagaz hasiko dute eguna, Arranon hasi eta tabernaz taberna joanez. Eta, eguerdian, bazkari herrikoian batuko dira Astran; bazkarira joan nahi izanez gero, aurretiaz izena eman beharko da antolatzaileen sare sozialetara idatzita. Ziurtatu dute menu beganoa izango dela, eta egunean bertan ordaindu beharko dela.
Arratsaldean gorputza mugitzen jarraituko dute, lehenengo Pasealekuan, eta 22:00etatik aurrera Astran. Bilboko Steady Rockets eta Madrileko Mango Wood taldeek kontzertua eskainiko dute. 01:30ean, berriz, pintxada egingo dute Zeppelin tabernan, Miss Waymon eta Zuretzako Mezua gasteizko kolektiboraren eskutik.
Antolatzaileek reggaeraren trenera igotzeko deia egin diete herritarrei: “Erdu eta igo trenera. Reggaearen trenak Euskal Herritik darrai”.
Egitaraua.
13:00. Poteo musikatua, Arrano Tabernan hasita.
15:00. Bazkari herrikoia, Astran.
17:00. Sound System Pasealekuan. Ostean, Bassetxe Sound Collective eta Naken Selektor.
22:00. Kontzertuak Astran: Steady Rockets eta Mango Wood.
01:00. Pintxada Zeppelin Tabernan: Miss Waymon eta Zuretzako mezua.