EAJk EH Bilduren eta Herritar Alternatibaren arteko akordioa "publiko egiteko" eskatu du
Mundakako EAJko ordezkariek alderdi politiko biei eskatu diete akordioaren nondik norakoak "herritar guztiei helarazteko". Era berean, talde bien programa politikoen artean "alde esanguratsuak" daudela adierazi dute, eta horiek "zelan kudeatuko dituzten aurreratzeko" eskatu.
Mundakako EAJk egun udal gobernu taldea osatzen duten alderdi biei, EH Bilduri eta Herritar Alternatibari, alkatetzarako eta udal gobernurako lortu duten akordioaren nondik norakoak “publiko egitea eta idatziz aurkeztea” eskatu die. Alderdi jeltzaleko udal ordezkariek azaldu dutenaren arabera, herritarrek eurek ere akordio horren xehetasunak zeintzuk diren ezagutzeko jakingura erakutsi diete: “Mundakarrek gobernu akordio hori zein den eta zelakoa den jakin nahi dute, horretarako eskubide guztia daukate, eta gaur-gaurkoz ez dute inongo erantzunik”. Jeltzaleek argitu dute arazoa hauteskundeen ostetik, uztailaren 5etik, datorrela: “Egun horretan osoko bilkura egin zen, eta orduan argitu zen gobernu akordio batera ailegatu zirela, eta ordezkarien banaketa zein izango zen aurreratu zuten. Bestela esanda: udal ordezkari bakoitzak zein eginkizun beteko zuen iragarri zuten. EAJk, jarraian, idazki bat bidali zien EH Bilduri eta HAri, gobernu akordioaren ezaugarriak azaltzeko eskatuz”.
Abuztuan akordioaren berri izateko “idatzizko bigarren eskakizun bat” igorri zuten jeltzaleek eta, azaldu dutenez, bigarren saiakera hark ere ez zuen erantzunik eduki. Hirugarren saiakera azkenengo osoko bilkuran, irailaren 20an, egin zuten: “Bilkurako erregu eta galderen tartean, bidalitako mezuei erantzuna emateko eta akordioaren berri emateko eskatu genuen. Orduan jaso genuen lehendabiziko erantzuna: akordioa pribatua zela aditzera eman ziguten eta, erakustetakotan, herritarrei soilik erakutsiko zietela”. Erantzun horren aurrean, jeltzaleek azaldu gura izan dute informazio hori ez dutela eskatzen “alderdiaren edo euren udal talde politikoaren mesederako”: “Zer edo zer gura baldin badugu, mundakar guztiek informazio dena eduki dezatela da. Jarrera horrek beregain duen logika eza salatu gura dugu; udal gobernua osatzen duten taldeak herriaren mesedetan daude beharrean, baina, era berean, herritarrei ez diete informazio hori eskuragarri ipintzen”.
“Akordioak publikoak dira”. Udal gobernu taldeko alderdi biek akordioa publiko egitea “guztiz beharrezkoa” dela azaltzeko, beste testuinguru batzuetako hitzarmenak aipatu dituzte EAJko ordezkariek: “Edozein alderdi edota plataformagaz akordioren bat egin izan dugunean, beti publiko egin dugu, herritarrek informazioaren berme legal denak eduki ditzaten, akordioak berez publikoak baitira; izan Eusko Jaurlaritza, izan Bizkaiko Foru Aldundia, izan udalerrietako kudeaketa edo beste edozein hitzarmen, beti publiko egin dugu”.
Alkatetzatik EH Bilduren eta HAren programa politikoak “oso antzekoak zirela” adierazi zitzaiela azaldu dute jeltzaleek, baina horren aurrean desadostasuna agertu dute: “Guk ikusten dugu hainbat esparrutan alde esanguratsuak dituzten programak direla, hala nola, hezkuntza sailean, berdintasun gaietan edota etxebizitza turistikoen arazoagaz; horrenbestez, desberdintasunak ikusten ditugu. Guk, funtsean, ezberdintasun programatiko horien aurrean hartutako erabakiak zeintzuk diren jakin gura dugu”.