Apartamentu turistikoen erregularizaziorako neurriak eskatu ditu EAJk
Mundakako EAJk udal gobernu taldeari etxebizitza turistikoen hazkunde "izugarria" erregulatzeko eskaera egin dio. Neurri posible batzuk proposatu dituzte alderdi jeltzaleko ordezkariek.
Mundakako EAJk udalerrian dauden apartamentu turistikoen gorakada eta horien erregularizazioa bermatzeko neurriak hartzea eroan zuen udaleko azken osoko bilkurara. Apartamentu horien hauspotzea “esangura oso handiko gaia” dela nabarmendu zuten jeltzaleek: “Ez bakarrik Mundakaren kasuan, baita eskualdeari eta Bizkai osoari dagokienez ere.
Mundakan, 301 plaza daude 70 etxebizitza turistikotan banatuta: erroldatutako biztanleriaren % 15 baino gehiago
EUSTATen arabera, 301 plaza daude 70 etxebizitza turistikotan banatuta: erroldatutako biztanleriaren % 15 baino gehiago. Etxebizitzon hazkundea “izugarria” dela azpimarratu zuten. Horren aurrean, gai hori arautzea “guztiz beharrezkotzat” jo zuten EAJko udal ordezkariek. Era berean, adierazi zuten egun udal gobernu taldea osatzen duten alderdiek, EH Bilduk eta Herritar Alternatibak, “uko egin diotela” etxebizitzen arazoari heltzeari, mundakarrentzat hain garrantzitsua den gai baten kontra bozkatuz”.
“Utzikeria sentitzen dugu”. Mundakako herritarrentzat “eta bertan bizitzen jarraitu gura dutenentzat” etxebizitza turistikoen erregularizazioa “funtsezko gaia” dela argituta, jeltzaleek zenbait neurri proposatu zituzten. Batetik, herrian dauden mota horretako etxebizitzen inbentarioa sortzea. Bestetik, gai hori lantzen duten administrazioko entitateek inbentario hori erregularki berrikustea. Horrez gain,besteak beste, ondorengo puntuak azpimarratu zituzten: etxebizitzek zerbitzu publikoengan duten eragina aztertzea; apartamentuei tasa turistiko berezia ezartzea; edota erabakiak udal talde denen eta herriko eragileen artean hartzea, “presio turistikoaren aurrean”.