Gernika Memoriaren Lekuko plataformak deituta, Palestinari eta hango herritarrei elkartasuna adierazteko eta Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko elkarretaratzea egingo dute domekan [maiatzak 21].
Gernika Memoriaren Lekuko plataformak domekan [maiatza 21] 13:00etan Merkurio aurrean batzeko hitzordua jarri du. Mobilizazioa Gernika-Palestina Elkartasuna. Askatasuna! lelopean egingo da. Aldarrikapena plazaratu eta Nakba Eguna gogoratuko dute.
Duela 75 urtetik, Nakba Eguna –hondamendia arabieraz– borroka eguna da palestinarrentzat, eta horiei elkartasuna adierazi gura diete Gernikatik: “1948tik, hau da 75 urtez geroztik, Nakba eguna gogoratzen da maiatzaren 15ean. Izan ere, indar sionistek palestinarren aurka abiatutako jazarpena hasi zen orduan, Israelgo estatua eraikitzeko eta hedatzeko asmoz”.
Gogoratu dute ia 800.000 palestinar inguru “bortxaz kanporatuak” izan zirela haien bizileku eta lurretatik, bidean 400 edo 600 herri inguru suntsituz. “Helburu hori lortzeko sionismoak bide guztiak baliatu zituen. Ordutik, politika anexionistari eutsi diote modu ezberdinean, Palestinako herria bake eta konponbide ezera kondenatuz”. Ondorioz, 5.000 preso palestinar daudela gogoratuko dute domekan, eta horietako bat “87 eguneko grose greba eta gero” duela aste batzuk hil zela ere gogoratuko dute.
‘Gernikak Gazari’ ekimenak 12 urte beteko ditu aurten, eta orduko berbek egunerokotasun bera dutela diote
Milaka eta milaka familia “deserrotu” dituztela salatuko dute: “Hori da Israelgo estatuaren helburua: palestinarrak deserrotu eta desagerraraztea. Eskubide edo mandatu biblikoa aitzakia gisa hartuta, duela 2.000 urte inguru sustraiak bota zituen herria desagerraraztea nahi dute. 1948. urteaz geroztik milaka eta milaka familia erbesteratzera behartu dituzte, eta erbestean bizitzea gutxi balitz, makurrarazi ere egin dituzte”. Plataformako kideek adierazi dute Zisjordanian eta Gazan babesa hartu zuten familiek harresietan eta lubakietan dituztela begiak, eta gehitu dute Israelek inposatutako checkpoint amaigabeetan utzi dutela pazientzia. “Sorterria lapurtu eta betiko kartzelara kondenatu. Hori bihurtu baitira Zisjordania eta Gaza, kartzelak. Bertatik ezin atera, ezin amestu eta ezin bizi. Eta hori bizirik jarraitzen dutenek”.
‘Gernikak Gazari’, 12 urte. Egoera honetan, 12 urte beteko ditu ekainean Gernikak Gazari ekimenak, eta “tamalez” orduko berbek egunerokotasun bera edukitzen jarraitzen dutela salatuko dute.
Herritarrak elkarretaratzean parte hartzera deitu dituzte
Askatasunaren Ontzidia delakoa Gazara janaria eta botikak eramateko ekimena zen, eta ontzietako batek Gernika izena zeraman idatzita. Gazan sartzea debekatu zioten, jazarri egin zuten eta erreprimitu. Ondoko mezua zeraman: “Israelgo hiritargoari zuzentzen gatzaizkio, ahots ozenez zuzendu ere. Halako gogo handiz itxaroten duzuen bakea eta ziurtasuna ez dizkizue besteak mendean hartzeak edota inoren lurraldeak zapaltzeak emango; aitzitik, gogor ekin behar diezue zuen agintaritzari, ez dezan populua bonbardatzen segi, palestinar herriaren eskubide zibil eta politikoak errespeta eta betearaz ditzan eta bere burua 1967az geroztik NBEk ebatzi dituztenen mende jar dezan. Izan ere, ebazpen horretan argi adierazita dago palestinar herriak lurralde zehatz batean bere palestinar estatu independentea osatzeko duen eskubidea”.
Hala, palestinarrek bizi dutena salatzeko asmoz, herritarrei domekako [maiatzak 21] elkarretaratzean parte hartzeko deia egin die plataformak.