Segundo Olaeta Musika Eskolako Banda Sinfonikoak Gernika-Lumoko kaleak musikaz beteko ditu berriro.

Gure banda auzorik auzo lelopean, iazko ikasturtean abiatu zuten kontzertu zikloagaz jarraituko dute aurten, eta ikasturteko lehenengo kontzertua eskainiko dute bihar [maiatzak 19], 19:30etik aurrera, Industria kalean. Eguraldi txarra egingo balu, emanaldia Merkatu Plazan egingo lukete.
SOMEkoek kontzertu areto nagusietatik atera eta kaleak musikatzea erabaki dute oraingoan ere. Izan ere, udalerriko musika eskolak herritarren musika heziketa sustatzeko konpromisoa dauka, eta auzoz auzoko kontzertuekin ari da helburu hori lortzen.
Gustu guztientzako kontzertua eskainiko dute, errepertorio berrituagaz. Hain zuzen ere, musika modernoa izango dute ardatz, eta bertaratzen direnek Guns N Roses, The Weeknd, One Republic, Coldplay, Stevie Wonder edo Justin Timberlake bezalako artisten bertsio sinfonikoak entzuteko aukera edukiko dute. Hala, Jazz, funky eta pop rock ukitu ugari edukiko ditu 35 minutuko iraupena edukiko duen emanaldiak.
Hurrengo emanaldiak. Talde sinfonikoaren hurrengo kontzertua San Joan bezpera gauean izango da; ekainaren 23an San Juan Ibarran eskainiko dute kontzertua, eta emanaldia “berezia eta magikoa” izango dela aurreratu dute. Bertan, banda sinfonikoa, rock talde bat eta eskolako abeslari ugari ariko dira elkarlanean, eta Ross Dantza Eskolakoek koreografiekin indartuko dute emanaldia.