"Pertsona guztiek dutela zainduak izateko eskubidea" aldarrikatu dute emakume pentsiodunek
Emakumeen Nazioarteko Egunean pentsiodunak kalera aterako dira, eta euren eskubideak ozen eskatuko dituzte. Zainketa lanak partekatuak izan behar direla esan, eta horretarako sistema bat aldarrikatuko dute.
“Martxoaren 8an, mugimendu feministarekin batera, pertsona guztiok zainduak izateko eskubidea dugula aldarrikatuko dugu, eta are gehiago gure zahartzaroan”, adierazi dute gaur Gernika-Lumoko Foruen plazan bildutako emakume pentsiodunek.
Zainketa lanak partekatuak izan behar direla ere esan dute, eta horretarako sistema bat aldarrikatu. “Pertsona guztientzako zaintza sistema publiko unibertsal eta kalitatezkoa behar da. Baina, era berean, zainketa lana lan gisa aitortu behar da, horrek dakartzan eskubide guztiekin. Pertsona guztiek duintasunez zainduak izateko eskubidea izango duten sistema bat behar da. Zaintzak ezin dira ikusezin bihurtzen edo gutxiesten jarraitu, eta erakundeek kontuan hartu eta duintasunez artatu behar dituzte”.
Gaur egun, emakume pentsiodunek euren denboraren zati handi bat “bizitza mantentzen” ematen jarraitzen dute, “lan isil eta ikusezina egiten”. Diotenez, zaintza beharrak aldatzen ari diren eta gero eta arreta handiagoa behar duten adin tartean daude, eta zaindu duten moduan “zainduak izan gura” dutela adierazi dute.
Lan feminizatuen “gutxiespenarekin” amaitu behar dela aldarrikatu dute: “Soldata berdintasunaren alde borrokatzen dugu. Lan bera edo lan baliokidea egiten direnean soldatek berdinak izan behar dira. Lan feminizatuen gutxiespenarekin amaitu behar dugu. Soldata arrakalak emakume langile pobreak eta erretiroan diru sarrera prekarioak dituzten adineko emakumeak sortzen ditu”.
Salatu dute euskal Herrian 200.000 baino gehiago direla 1.000 eurotik beherako pentsioak dituzten emakumeak, eta milaka eta milaka ez direla 700 eurora iristen. “Ezin ditugu ahaztu pentsiorik jasotzeko eskubiderik ez duten adineko emakumeak”, adierazi dute. Horregatik, pentsio duin baten alde ere borrokatzen dute, gutxienez 1.080 eurokoa dena, baina adierazi dute kopuru hori ere bizitzaren kosturaren errealitatera gehiago hurbildu behar dela.