Emisioak arintzeko eta etorkizuneko efektuetara egokitzeko plana garatu du Gernika-Lumok
Klima Aldaketa Arintzeko eta Aldaketara Egokitzeko Plan Integratua aurkeztu du Gernika-Lumoko Udalak, eta landutako dokumentua webgunean jarri du ikusgai, martxoaren 19ra bitartean nahi duenak ekarpenak egin ditzan.
Larrialdi klimatikoaren egungo egoera kontutan hartuta, Gernika-Lumoko Udalak udalerriko Klima Aldaketa Arintzeko eta Egokitzeko Plan Integratua aurkeztu du, eta landutako dokumentua webgunean jarri du ikusgai, martxoaren 19ra bitartean nahi duenak ekarpenak egin ditzan. Gero, osoko bilkuran bozkatzea eta onartzea aurreikusi dute.
Dokumentuak energia eta klima eremuak batzen ditu, eta klima aldaketa eragiten duten emisioak arintzeko eta egungo eta etorkizuneko efektuetara egokitzeko ekintzak ezartzen ditu. Maria Uribe udaleko ingurumen zinegotziak zehaztu dutenez, plan hau izango da udalaren plangintza tresna nagusia, “udalerriko ibilbide orria ezarriko baitu”.
“Plan honek nazioartean eta autonomia erkidegoan berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko ezarritako helburuak lortzeko, energia eraginkortasunaren bidez energia aurrezteko helburu espezifikoak txertatzeko, energia berriztagarriak ezartzeko eta udalerriaren erresilientzia eta klima aldaketara egokitzeko neurriak izango ditu bere gain”, azaldu du Uribek.
Sentsibilizazio ekintzak abian jartzea aurreikusi dute
Aurkeztutako planak bost helburu proposatzen ditu: 2030 urterako udalerriko berotegi efektuko gasen isuriak gutxienez %55era murriztea; udal eraikinek kontsumitutako energiaren %32 jatorri berriztagarriz ekoizten dela ziurtatzea; administrazio publikoaren energia kontsumoak gutxienez %35ean murriztea; udal eraikinen %40kn B kalifikazio energetikoa dutela ziurtatzea; eta klima aldaketak eragindako arriskuak murriztea eta udalerriaren eta bere biztanleriaren erresilientzia ziurtatzea.
Hala, helburu horiek lortzeko asmoz, plan integralean 62 ekintza bildu dituzte, 16 programatan egituratuta eta zazpi ildo estrategikotan banatuta.
Ildo estrategikoak.
Administrazio publiko eredugarriaren lehenengo ildo estrategikoaren esparruan, 19 ekintza ezarri dituzte, eta horien artean hiri garraio kolektiboa %100 elektrikoa izatea nabarmendu du Uribek. Bidebusa epe laburrean “ordezkatzea” eta elektrikoa den berria erostea aurreikusi dutela dio, baita udaleko ibilgailuak “apurka-apurka ordezkatzen” joatea eta horiek elektrizitatez edo erregai alternatiboen bidez kargatzeko puntuak jartzea ere.
administrazio publikoaren energia kontsumoak gutxienez %35ean murriztea
Gainera, udal eraikinetako argiztapen sistemak hobetzean ere jarri du arreta udalak, horietan LED teknologia eta erregulazio sistemak erabiltzen hasi direla esanez. Bestalde, argiteria “publikoa hobetzeko” teknologia eraginkorrak erabiltzen “aspaldi” hasi zirela dio. Horrez gain, udalaren jabetzako eraikin higiezinetan eguzki instalazio fotobolkaikoak ezartzea ere helburu dutela dio, eta Jai Alai frontoian duela 25 urte jarri zirela gogoratu: “Aurten, instalazio fotoboltaiko horiek Santanape kiroldegian jartzea ere aurreikusi dugu”.
Bigarren ildo estrategikoagaz, eredu energetiko jasangarri eta justu batekiko “trantsizioa” bultzatu gura dute, energetikoki eraginkorra den udalerria sustatzeko, energia berriztagarrien erabilera gizartean sustatzeko eta trantsizio energetiko” justua” bermatzeko. Horiek garatzeko hamar ekintza proposatu dituzte, horien artean daude udalerriko hiri garapen berrietan energia eraginkortasuneko irizpideak sartzea, eraikin pribatuen birgaitze energetikoa bultzatzea eta etxebizitzen edo zerbitzuen sektoreetan materiak eraginkortakoa sustatzea.
“Tokiko energia komunitateen sorrera ere sustatu gura dugu. Gernika-Lumon badugu Tek San Fidel energia komunitatea, eredu izan behar duena eta udala, kultur etxearen bidez, komunitate horren parte da”, adierazi du, eta horretan sakondu gura dutela esan.
Jasangarria den eta emisio gabeko mugikortasuna sustatzen duen udalerria bultzatu gura dute planagaz, eta horretarako bederazi ekarpen egin dituzte. Hala, udalerri inguruko joan-etorrien eredua aztertzea eta Mugikortasun Jasangarriko Plana onartzea aurreikusi dute, baita udaleriko garraio publikoaren funtzionamendua hobetu eta haren erabilera sustatzea. Hala, bidegorria “zabaltzea” eta “konpontzea” aurreikusi dute, hiri eremuak oinezkotzeko. Horretarako, baina, bizikletentzako “aparkaleku seguruak areagotu” behar direla dio Uribek.
Ekosistema “degradatuen berriztapena” eta klima aldaketarekiko kalteberak diren espezie autoktonoen babesa bultzatu gura dituzte
Hondakinen sorrera murriztea eta birziklapenaren bidez horien kudeaketa “optimizatzea” ere jaso ditu plan integralean udalak. Uribek jakinarazi du, uraren ziklo integrala “optimizatzea” ere helburu dutela, “uholde arriskua murrizteko”. Hala ere, lan horiek URAren babesagaz egin behar direla adierazi du: “Bekoibarran uholde arriskua murrizteko obra handiak egin behar dira, eta horiek egiteko URAren babesa behar dugu”.
Hiri ingurunea kontserbatzea.
Beste ildo estrategiko bat hiriko natura ingurunea kontserbatzea eta hiri erresilientea sustatzea da. Hori lortzeko zazpi ekintza jarriko dituzte abian. “HAPO lantzen ari gara, irizpideak zehazten, eta klima aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko irizpideak hiri plangintza horretan eta eraikuntza araudiaren berrikuspenetan sartu gura ditugu”, dio.
Udalerriko ekosistema “degradatuen berriztapena” eta klima aldaketarekiko kalteberak diren espezie autoktonoen babesa bultzatu gura dituzte, baita baso kudeaketa egokitzailea sustatu, suteen aurrean erresilientzia hobetu eta lurzoruen higadura prebenitu ere. “Azken horien adibide modura, Santa Luzia hariztia zaharberritu dugu, bai eta Tramako biltegiaren ingurua ere, laster egingo den haritz landaketari esker”, azaldu du zinegotziak.
Azken ildo estrategikoak erresilientzia suspertu eta klima aldaketaren eta kontsumo arduratsuaren arloetan sentsibilizazio ekintzak abian jartzea aurreikusi du. Horietako bat, tokiko produktuen erosketa eta salmenta zirkuitu laburrak sustatzean datza: “Gernikako merkatu berria, laster errealitatea izango dena, esparru ezinhobea izango da horratarako”. Gernikako merkatuko obrak “laster” lizitatzea aurreikusi du zinegotziak.
Planak proposatzen dituen 62 ekintzak batzen dituen dokumentua jendaurreko informazio fasean dago, herritarren ekarpenak jasotzeko zain.
Ekintza plana egin arretik, udalerriko diagnostikoa egin zen hiru eremutan banatuta: Gernika-Lumoko Udalaren isurien kontabilitate energetikoa eta karbono aztarna neurtu zuten, udalerriaren arintze diagnostikoa egin, eta emaitzen egokitzapen diagnostikoa gauzatu.
Azterketa horretatik abiatuta, plan integratua sendotzeko esparru estrategiko bat ezarri dute. Hain zuzen ere, horren arabera egin da epe luzerako ikuspegia duen plana, eta horretarako zehaztu dira lortu beharreko helburuak eta horiek lortzeko beharrezko neurriak. Uribek adierazi du hori guztia jasangarritasun energetikoari buruzko legearen eskakizunak eta klima aldaketa arintzearen eta klima aldaketara egokitzearen arloko nazioarteko konrpoimisoak betetzeko egin dela.
Halaber, gehitu du plana egiteko parte hartze publikoko prozesu bat diseinatu eta egin zutela, “herritarren parte hartzea, ideien trukea eta interesa duten elkarte, erakunde eta eragileen ekarpenak jasotzeko helburu nagusiarekin”. Momentu honetan ere, herritarrek parte hartu dezaketa prozesuaren azken fasean, plana onartu aurretik, eta iritzi eta ekarpenak egitera animatu ditu herritarrak Uribek.