Oles egitera atera dira herritarrak Busturialdean
Eztarriak bero eta makilak eskuan, kalerik kale eta etxerik etxe batu dira ume, gazte zein helduak. Bihar, Santa Ageda eguna ospatuko dute.
Ohitura zaharrak nagusi izaten ari dira egunotan Busturialdean, izan ere, negua berotzen duten ohitura zaharren garaia da otsailaren hasiera. Kandelak bedeinkatu zituzten herenegun, eta San Blas eguna ospatu zuten atzo. Gaur, Santa Ageda bezperan, hutsik egin barik, makilak eskuetan hartu eta kalera atera dira herritarrak.
Aspaldiko ohiturak sustraituta daude eskualdean, eta beste urte batez, hainbat herritako kale eta txokoak tradizioz bete dira oraingoan ere. Kopla zaharrak abestuz, eta makilekin lurra joaz, neguko lozorrotik lurra esnatzeko euskal ohiturari eutsi diote haur, gazte zein nagusiek.
Goizean goizetik atera dira santa eskean Gautegiz Arteagakoak, Nabarnizekoak eta Ibarrangelukoak, etxerik etxe ibili baitira kantuan. Ean ez dira atzean geratu, santa eskean kantari ibili baitira herritik.
Ajangizen, goizean atera dira Kanpantxukoak, eta eguerdian, berriz, baserriz baserri joan dira Mendieta inguruetakoak. Arratzun eta Muruetan ere, eguerdian elkartu dira, eta makilak eskuetan, han eta hemen kantatu dute herritarrek; Arratzun, gainera, batu duten dirua Minbiziaren Aurkako Elkartearentzat, Euskadiko PKU elkartearentzat eta Eritasun Neuromuskularraren elkartearentzat izango da.
Tostada txapelketaren ostean abestu dute Busturian, eta arratsaldean, berriz, Eleizaldekoen kalejirak girotu du Bermeo. Elantxoben, Agate Deunaren ospakizunak esanahi oso berezia eduki du aurten, mendia eta itsasoa batu baitituzte: Oleta auzotik porturaino joan dira herritarrak.
Gernika-Lumon, berriz, ikastetxeetako ikasleak nonahi egon dira goizean, baita Andra Mari Koralekoak, Arbola Zaharra elkartekoak eta Urdaibai Kantagunekoak ere.