Amaia Balsategik eta Javi Diazek irabazi dute Busturiko Tostada Txapelketa
San Blas eguna ospatu eta gero, tostadak prestatzeko goiza izan da gaurkoa busturiarrentzat. 20 tostada aurkeztu dituzte txapelketara, eta onenak izan dira Balsategi eta Diazenak. Karmelo Crespo eta Nagore Zobaran sailkatu dira bigarren eta hirugarren.
Atzo San Blas eguna ospatu eta gero, tostadak prestatzeko goiza izan da gaurkoa busturiarrentzat, eta eguerdian Axpeko elizpean egin dute txapelketaren sari banaketa ekitaldia. 20 tostada aurkeztu dituzte, espero baino gehiago, eta horiek probatzeko aukera izan dute elizpean batu direnek.
Giro ederrean, gozo dastatu dituzte aiezko tostadak, eta beste urte batez, maila altua egon da. Amaia Balsategik eta Javi Diazek egindako tostadak izan dira, gaurkoan, gozoenak, eta, horri esker, txapela eta bi lagunentzako afaria irabazi dute Madaidxagane Jatetxean; Diazek batu du saria gaurkoan.
Tostada txapelketako parte hartzaile ohikoak dira, azken 10 urteetan “edo gehiagotan” parte hartu dutenak, eta lauzpabost aldiz irabazi dute. Diazek egin du masa eta Balsategik frijitu ditu tostadak, eta, diotenez, etxeko errezetan, “izekorenean”, dago sekretua. “Krema justu egitea da gakoa. Gehiago kostatzen da tostadak frijitzea, baina suabeago gelditzen dira.
Diazen atzetik sailkatu dira Karmelo Crespo eta Nagore Zobaran, eta Zorione ileapaindegian gastatzeko 40 euroko bonoa eta Batzokian gastatzeko 20 eurokoa jaso dituzte, hurrenez hurren. Epaileek jakinarazi dute bi postu horien puntuazioan “berdinketa” egon dela, eta gustuaren kategorian puntuazio onena zeukanari eman diotela bigarren saria.
Beste urte batez, ume, gazte zein nagusiak erakarri ditu Tostada Txapelketak, eta giro apartean elkarregaz batuz eta bakoitzarentzako zein izan den tostada gozoena esanez igaro dute eguerdia.