Txirrinaren soinuagaz batera, garaipena
Lointek Gernika Bizkaiak 68-70 irabazi zio Cadí La Seuri, kanpoan. Partidu oso berdinduaren ondoren, Brooque Williamsek azken txanpan hiruko jaurtiketa saskiratu du, Malosteko taldeari partidua emanez. Hurrengo partidua abenduaren 1ean jokatuko dute; tartean, FIBA geldialdia edukiko dute.
Lointek Gernika Bizkaiak 68-70 irabazi dio Cadí La Seu talde kataluniarrari, Emakumezkoen Endesa Ligako zortzigarren jardunaldian, La Seu D’Urgellen. Hasieratik amaierara zoramena nabarmendu zen: luzapen denboran erabaki zen partidua, eta, justuki txirrinak jo orduko, Brooque Williams estatubatuarrak hiruko jaurtiketa saskiratu zuen, Gernika-Lumoko taldeari norgehiagoka emanez.
Lointek FIBA geldialdia orduko azken partidua irabazteko asmoz abiatu zen, baina etxekoek ez zizkieten gauzak erraz ipini: Cadík barrualdeko jokaldiak baliatu gura izan zituen, batez ere, Geo Bahíri esker. Julie Wojta, bere mugikortasunagaz, izan zen Bahí geldiarazteko ardura eduki zuena. Partiduaren lehenengo laurdenean, defentsa lanak gailendu ziren, erasokoen gainetik; beraz, markagailuak puntu gutxi islatu zituen, eta 14-17koagaz amaitu zuten.
Cadíren kontrakoa, zerbait izatekotan, partidu fisikoa izan ze: etengabeko joan-etorriak eta defentsa talkak egon ziren. Chanel Mokangoren sarrerak aire gehiago eman zion Gernikari, baina Anna Montañana entrenatzaile valentziarraren neskak ez ziren gai izanbilatzen zuten jokoa egiteko. Behintzat, Laura Penya, aurkarien jokalaririk arriskutsuenetakoa, ondo lotuta eduki zuten partidu osoan zehar. Bigarren laurdenean ere, Williams izan zen erasoetako erreferentea, eta puntuaketaren estutasunak bere bidetik jarraitu zuen: 28-31.
Ezpatak agerian. Atsedenalditik bueltatuta ere, argi geratu zen ez zegoela partiduaren dominatzailerik, bi taldeetako batek ere ezin izan baitzuen saskiratzeak egiteko bide eraginkorrik topatu. Ñabardura txikiek, hortaz, esangura handia hartu zuten. Wojtak hirugarren falta pertsonala egin zuen, eta partidu osoa, ondorioz, esku frenoagaz egin behar izan zuen. Lointekek asko igarri zuen bere intentsitateari mugatze hori.
43-41 amaituriko hirugarren laurdenaren ondoren, baloiaren jabetzak esangura hartu zuen: bi taldeen jomuga aurkariari kontraerasorik egiten ez uztea zen. Elise Ramettek erritmo handia eman zion etxeko taldeari, eta Itziar Ariztimuñori egokitu zitzaion Ramettek erasoaldiak geldiaraztea. Baloia joan-etorrian ibili zen azkenengo laurdenean, jabe argirik gabe. Markagailua ere horren isla izan zen, 57-57, eta bi taldeak luzapen denborara joan behar izan ziren.
Luzapenera. Azken bost minutu horietan, Penyak, hiruko bategaz, etxekoak aurreratu zituen. Amaierarako hiru minutu falta zirenean, Bahí eta Laura Raventós agertu ziren kantxan; biren faltan, ostera, etxeko taldea bi puntu goitik zegoen. Azken jokaldiak antolatu barik, aztoratuta eta oldarkor egin zituzten: Laura Spreaficok hirukoa saskiratu zuen; Jewel Tunstullek, hiru segundu falta zirenean, aurretik ipini zuen Cadí. Azkenean, txirrinaren soinua orduko, Williamsek hiruko jaurtiketa saskira bidali zuen zuzenean, eta Lointeki aspaldiko garaipen borrokatuena eta estuena eman zion: 68-70. Gernikaren hurrengo partidua abenduaren 1ean izango da; ordura arte, jokalarietako zenbait bere herrialdeetako selekzioekin lehiatzen egongo dira, FIBA leihoa tarteko.