Oinezkoentzako Kostaldeko Bidearen Proiektua onartu dute Mundakako osoko bilkuran
Espainiako Kosta Zuzendaritzaren proiektuak Elantxobe eta Gaztelugatxe konektatzea dauka helburutzat. Proiektua joan den astean onartu zuten osoko bilkuran.
Mundakako udalerriko zirkulazioa berreskuratzeko oinezkoentzako Kostaldeko Bidearen Proiektua onartu zuten joan den asteazkenean ospatu zuten Mundakako osoko bilkuran. Aipatu proiektua Espainiako Kosta Zuzendaritzak aurkeztutakoa da, eta proiektuaren parte diren herrien onarpenaren zain egon da.
Mundakako Udalak proiektua joan den asteko osoko bilkuran onartu bazuen ere, orain dela urte asko sortu zen proiektua dela azaldu du mundakako alkate Irati Gondrak: “Gure aurreko agintaldian landu genuen proiektua da. Orain onartu den arren, urte nahiko pasatu dira proiektua sortu zenetik”.
Espainiako Kosta Zuzendaritzaren proiektuak Elantxobe eta Gaztelugatxe lotzea dauka helburutzat, eta, zehaztu dutenez, proiektu hori bost zatitan dago banatuta. Hain zuzen ere, osoko bilkuran Mundakatik pasatzen den zatia onartu zuten.
Kostaldeko Bidearen Proiektuaren zati handi bat eginda dauka Kosta Zuzendaritzak, baina Mundakakoaren moduko tarte txikiak konektatzeko lanean dabiltza orain.
Kostuak. Proiektu honek Mundakako Udalari zenbat diru kostatuko zaion galdetzerakoan, Gondrak onartu du oraindik ez dakitela kostua zenbatekoa izango den: “Oraindik ez dakigu zenbateko kostua izango duen obra horiek egiteak. Kosta Zuzendaritzak daraman gaia da. Egin beharreko lanak zeintzuk diren esaten digutenean jakingo dugu kostua zenbatekoa izango den. Ordura arte ezinezkoa izango da ezer jakitea”.
Kosta Zuzendaritzak sortutako proiektuak ondorioak izango dituela herrian adierazi du alkateak. Seguruenik desjabetzeren bat edo beste egin beharko dela dio, eta horiek dira udalak kudeatu beharko dituen ardurak.
Mundakako alkateak proiektuaren inguruko balorazio “oso positiboa” egin du. Proiektuarekin pozik agertu da, eta “egin beharreko” lanak direla adierazi du.