Martxan da Eingule? kanpainaren azken lehiaketa
150 pertsonek parte hartu zuten zazpigarren lehiaketan. Irabazlea Itxasne Beaskoetxea izan zen.
Atzo hasi eta domekara bitartean parte hartu ahal izango da Eingule? kanpainako zortzigarren eta azken txapelketan. Parte hartzeko bidea, orain artekoa izango da, eingule.bermeo-euskaraz.eus webgunearen bidez.
Joan den asteko parte hartze datuak eskaini ditu Bermeoko Udalak. Jakitera eman dutenez, zazpigarren lehiaketak 150 parte hartzaile izan zituen, seigarren lehiaketak baino 26 gehiago.
Astelenero legez, udalak pasa den asteko irabazlea jakitera eman du. Itxasne Beaskoetxea geratu zen sailkapenaren goienean, eta sari bezala Flex Urdaibai koltxoiak dendaren eskutik betegarri nordikoa babesgarri iragazgaitzarekin eta bi burko jasoko ditu.
Azken lehiaketako saria AUE inprentaren eskutik etorriko da. Horrela, kanpainaren helburu zabalarekin bat etorriz, tokiko eragileekin elkarlana sustatzea da, kanpainan zehar banatuko diren sari guztien atzetik tokiko merkatari, ostalariak zein negozioak baitaude.
Gorde beharreko data.
“Datorren astean data garrantzitsu bat gorde beharko da agendan”, adierazi du udalak. Izan ere, abenduaren 3an lehiaketa herrikoa antolatu dute Kafe Antzokian. 16:30tan gaztetxoen txanda izango da, eta 18:30tan helduena.
Gainera, udalak gogoratu du bermeotarrak berbetan kale elkarrizketen bideoekin ere jarraitzen dutela, egunero bideo berri bat zabalduz.