Lehen urratsa, urteko helburua lortzeko bidean
Olatz Arrizabalagak 22-8 irabazi dio Leire Garairi, lau eta erdiko txapelketako final laurdenetako partiduan. Finalerdietan bere klubeko kide Enara Gaminde izango du aurkari, abenduaren 4an.
Olatz Arrizabalaga gernika-lumotarrak lau eta erdiko Master Laboral Kutxa txapelketako final laurdenetako partidua nagusitasunez irabazi zuen zapatuan, Zaratamon. Berriki 3 Hiriburuak lehiaketan edota San Mateo txapeketan egundoko maila erakutsitako pilotariak ez zuen kale egin lau eta erdiko txapelketako lehendabiziko norgehiagokan, Leire Garairen kontra; hain zuzen ere, 22-8ko markagailuagaz hartu zuen menpean gasteiztarra.
Arrizabalaga “pozarren eta motibatuta” agertu da lehiaketari emandako hasieragaz: “Lau eta erdikoa pilota mistoan irabazteko falta zaidan txapelketa bakarra da; beraz, esanahi berezia du niretzat, eta urteko helburu nagusia da. Neure prestatzaileagaz behar handia egin dut ahalik eta mailarik handienean ailegatzeko, eta esango nuke sasoi puntu bikainean hasi dudala lehiaketa”. Dena dela, Gernika-Lumokoak aitortu du markagailuak ez duela islatzen partiduak edukitako zailtasuna. “Emaitzak dioena baino partidu lehiatuagoa izan zen. Egia da sakeagaz min handia egin nuela, partiduaren erritmoa nik ezartzea erabaki nuela eta erasoaren ardura guztia eduki nuela, baina Garai ez zen momentu batean ere kikildu, eta aurpegia eman zuen uneoro”, argitu du.
Lagunak, aurkari. Garairen kontrako garaipenak lau eta erdiko txapelketako finalerdietarako sailkapena eman dio Arrizabalagari. Finalaurrekoa, hain zuzen, abenduaren 4an izango da, Matienako frontoian. Enara Gaminde edukiko du aurrez aurre, alegia, aurkari gogorra bezain ezaguna: “Gaminde sobera ezagutzen dudan pilotaria da. Izan ere, sarritan jokatu izan dugu elkarregaz nahiz elkarren kontra. Klubeko derbia izango da; urte osoan zehar elkarregaz entrenatzen dugu. Nire helburua txapelketa irabaztea da, baina bidean trantze gaitza izango da Gaminderen aurkakoa, eta neure mailarik onena erakutsi beharko dut”.
Arrizabalaga lau eta erdikoan gailentzeko hautagaia zein den adieraztera ere ausartu da: “Nire ustez, Amaia Aldai da jagon beharreko pilotaria. Iazko lau eta erdiko irabazlea izan arren, aurten bertan egundoko denboraldia egiten ari da; hainbat finaletara iritsi da, eta horietako batzuk irabazi ere egin ditu. Final laurdenekoan Laia Salsamendiri nagusitasunez irabazi zion, oso serio jokatuz, eta maila handiagaz. Hautagai nagusia, zalantza barik, hura da”.