Basurdeak esku hutsik bueltatu dira La Teixoneratik
Grupo Intxausti - Gernika Rugby Taldeak 64-12 galdu du Barça Rugbiren kontra, Ohorezko Mailako zortzigarren jardunaldian. Hurrengo partidua etxean jokatuko dute, Urbietan, Recoletas Burgos - Universidad de Burgos taldearen kontra.
Grupo Intxausti – Gernika Rugby Taldeak 64-12 galdu zuen atzo Barça Rugbiren kontra, La Teixoneran, Ohorezko Mailako bosgarren jardunaldiko partiduan. Porrot gogorra izan zen Eduardo Maidagan entrenatzaile gernika-lumotarraren jokalarientzat, etxekoek ez baitzieten garaipenaren borrokan murgiltzeko inongo aukerarik eman; markagailua horren erakusle da, hain zuzen ere. Barça Rugbi Ohorezko Mailako talde nabarmenenetakoa da, eta aurten lantalde sendoa, berritua eta lehiakorra daukate. Dena dela, basurdeak jarrera oldarkorragaz zelairatu ziren domekan: “Partiduaren hasieran ondo kokatuta eta kontzentrazioagaz ibili ginen, baina, apurka-apurka, etxekoak gailentzen joan ziren”, adierazi du Maidaganek.
Barçak zelaigunearen atzealdean daukan nagusitasunaren jakitun, Gernika RTkoek hegaletan oinarritu zuten beren jokoa: “Jende arina zelairatu genuen, bi hegaletatik ahalik eta abiadurarik handienagaz jokatu zezaten”. Dena dela, Barçak bere jokoa inposatu zuen La Teixoneran, eta Gernika RT, ostera, kontrara zein defendatzera mugatu behar izan zen; horrenbestez, ez zuten lortu puntu kopuru esanguratsurik egiterik, eta Barçak alde potoloagaz irabazi zien.
Asteburura begira. Kataluniako ahazteko bidean, basurdeak datorren domekako zitara begira daude dagoeneko. Izan ere, 12:30ean bigarrenez ligako partidua jokatuko dute etxean, Urbietan. Aurrez aurre edukiko duten taldea Recoletas Burgos – Universidad de Burgos izango da, hau da, mailako taldea: “Ligako talde sendo eta goi-mailako horien klubean sar daitekeen taldea da Burgos, zalantza barik; asteburuan, urrun joan barik, garaipen pisutsua lortu zuten. Hortaz, jakin badakigu oso sendo iritsiko direla Urbietako partidura. Besteak beste, jokalari gogorrak dituzte aurrean, hankagaz bikain moldatzen den hamar bat dute, eta atzean, aldiz, jokalari gogorrak eta arinak”.
Egunotako euriteek etxeko zelaian utz dezaketen egoera “beren mesederako” erabiliko dute gernika-lumotarrek, sortu daitekeen basatzak eragin zuzena eduki baitezake jokoaren erritmoan nahiz abiaduran. “Lokatz asko baldin badago, partidua mantsotu egingo da, eta beraien abiadura ez da hainbesterainoko erabakigarria izango; ezin gara aukera horren pentsuan egon, baina ondo dakigu guri hobeto datorkigula egoera hori. Bien bitartean, min hartuta dauden jokalariak berreskuratzen, entrenamenduetan gogor lan egiten, jokalarien aspektu mentala eta jarrera lantzen eta, oro har, datorren partiduan geure aurpegirik onena emateko prestatzen jarraituko dugu”, adierazi du entrenatzaileak.