Porrot mingotsa, etxekoen aurrean
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak porrota jaso du aurten etxean jokatu duten ligako lehen partiduan. Complutense Cisneros taldea 26-40ko markagailuagaz nagusitu da. Hurrengo partidua azaroaren 20an jokatuko dute basurdeek, Barça Rugbiren kontra, kanpoan.
Ohorezko Mailako lehendabiziko partiduak etxetik kanpora jokatu ondoren, laugarren jardunaldian iritsi zitzaion Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeari etxekoen aurrean jokatzeko aukera. Domekan izan zen, Complutense Cisneros talde madrildarraren aurka. Ligako aurkari zuzena izanda eta etxean estreinakoz jokatuta, basurdeek helburu argi eta garbiagaz heldu zioten partiduari: Urbietan garaipena eskuratzea.
Partiduaren lehendabiziko minutuetan, Gernika RTk maila handia eta jarrera oldarkorra erakutsi zuen Urbietako zelaigunean. Francisco Jose Gonzalez izan zen lehen entsegua egin zuena, baina Cisnerosek bizkor erantzun zuen Pablo Floresek egindako entseguagaz. Partiduaren lehen txanpako maila ona, baina, ezbeharrek estali zuten, hogeigarren minutua betetzear zegoela: Cisnerosek bigarren entsegua egin zuen, eta, gainera, Eneko Gorostizak zelaia utzi egin behar izan zuen, min hartuta; bere ordez, Xabier Albizua zelairatu zen.
Minutuen poderioz, Cisneros gailentzen hasi zen, Gernika RTk maila onari eutsi arren. Albertus De Boden bigarren entseguaren eta Hendrik Victor Winterbachen transformazioaren ondoren, markagailua 12-14an zegoela, madrildarrek etxekoak korrika egitera derrigortu zituzten beren jokoagaz. Dena dela, basurdeak ez ziren kikildu, eta markagailuan sei puntuko aldeagaz aurretik zihoazela hartu zuten aldageletarako bidea: 20-14.
Kaosa. Bigarren zatia hasteagaz batera, talde gernika-lumotarra arazoetan murgiltzen joan zen. Jose Orgambidek lehenengo eta Johannes Gousek jarraian, zelaia utzi behar izan zuten, min hartuta. Horrek hegoak eman zizkion harrezkero maila handia erakusten zebilen Cisnerosi, eta partidua zailtzen hasi zitzaion etxeko taldeari. 60. minutua izan zen erabakigarriena: zoko zikina egotzita, Quaid Langeveldtek txartel horia jaso zuen, eta taldea jokalari bat gutxiagogaz geratu zen. Galera horregaz, madrildarrek arrakala handia eskuratu zuten markagailuan: 26-33.
Maidagan: “Geuretzat final itxura zuen partidua merezimendu osoz irabazi ziguten”
Partiduko azken hamar minutuetan, zoramen eta kaos itxura hartu zuen zelaiguneak. Cisneroseko Gonzalo Gonzalezek txartel horia jaso zuen; Gernika RTko Hanno Snymanelek, ostera, gorria; galduta egotearen sentsazioa nagusitu zen Urbietan, eta Madrilgoek ez zuten aukera alferrik galdu. Garaipen oso beharrezkoa poltsikoratu zuten Urbietan, 26-40ko markagailuagaz.
Eduardo Maidagan Gernika RTko entrenatzaileak domekako partiduaren balorazio “guztiz ezkorra” egin du: “Lehen zatian asmatu genuen geure benetako maila erakusten, eta horregaz baino ez naiz geratzen. Azken hogei minutuak kaos hutsa izan ziren: jokalari bakoitzak bere aldetik borrokatu zuen; ez ginen trebe ibili jokaldietan eta, oro har, geuretzat final itxura zuen partidua merezimendu osoz irabazi ziguten”.
Lesioez ere mintzo da Maidagan: “Bost jokalarik min hartzea guztiz kontra eduki genuen, zorte txarra izan zen. Dena dela, ez dut aitzakiarik ipini gura: datozen partiduei begira eta betiere Ohorezko Mailari eusteko helburuari eutsiz, geure maila dezente hobetu beharko dugu. Fisikoki ondo gaude, baina min hartu duten jokalariak berreskuratu behar ditugu eta, batez ere, presiopean jokatzen ikasi”. Hurrengo norgehiagoka, hain zuzen ere, hilaren 20an jokatuko dute basurdeek.
La Teixoneran izango da partidua, kanpoan, eta Barça Rugbiren kontra. “Maila handiko aurkaria” da talde kataluniarra; esaterako, domekan C.R. La Vilaren aurka jaun eta jabe agertu zen, garaipena nagusitasunez eskuratuz. Partidu horretako helburua, Maidaganen ustez, “punturen bat edo beste lortzea” izango da. Horren gainetik, baina, “taldearen benetako maila, jarrera eta nortasuna erakustea” bilatuko dute.