Urdaibaiko Biosfera Erreserbako paduretatik espezie exotiko inbaditzaileak kentzeko jardunaldiak antolatu dituzte azaroaren 5erako, 12rako, 19rako eta 26rako. Horietan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea.

BirdLifek, Urdaibai Bird Center eta Correosegaz batera, boluntariotza jardunaldi batzuk antolatu ditu, balio natural handieneko espazioetan espezie exotiko inbaditzaileak desagerrarazteko zereginetan laguntzeko asmoz.
Hori horrela, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako paduretan azaroaren 5ean, 12an, 19an eta 26an, 09:00etik 15:00etara egingo diren jardunaldietan boluntarioek lehen eskutik ezagutuko dituzte espezie inbaditzaileen ondorioak. Aldi berean, espezie horiek desagerrarazteko borrokan laguntzeko aukera izango dute. Urdaibai Bird Centerreko aparkalekuan jarri dute elkartzeko hitzordua.
Zehatu dutenez, antolatutako jarduerak Baccharis halimifolia landare exotiko inbaditzailearen aleak kentzeko helburua dauka. “Landare horrek bertako flora espezieen hazkuntza galarazten du, padurako habitata guztiz aldatuz”, adierazi dute.
Egun horietan, gainera, natura ingurunea eta hegaztien fauna ezagutzeko jarduerak ere egingo dituzte, ibilbide gidatu txiki baten eta Urdaibai Bird Centerrera egindako bisitaren bidez.
Parte hartu gura dutenek izena eman beharko dute aurretiaz, boluntariotza saioen edukiera mugatua izango baita; horretarako, euskadi@seo.org helbide elektronikora mezu bat bidali beharko dute.