Lointek Gernika Bizkaiak Rutronik Stars Keltern talde alemaniarraren kontra jokatuko du bihar EuroCup Women txapelketako taldekako faseko lehen partidua.

Phantoms Basket Boom belgikarren kontrako atariko kanporaketa gainditu ostean, Lointek Gernika Bizkaiak EuroCup Women txapelketako taldekako fasea abiatuko du bihar Rutronik Stars Keltern talde alemaniarraren aurka. Seigarrenez jarraian ariko dira Gernika-Lumokoak Europan jokatzen, eta garaipena izango dute helburu Dresdenen jokatuko duten partiduan. Horretarako, etxetik kanpo jokatutako partiduetako dinamikak aldatu beharko dituzte Anna Montañanaren jokalariek; izan ere, kanpoan jokaturiko partiduetan, Pajariel Bembibreren kontra kasuko, maila ona erakutsi dute lehen 40 minutuetan, baina maila horrek nabarmen egin du behera partiduaren azken txanpan. Ikusteko dago, bestalde, entrenatzaile valentziarrak egingo dituen rotazioak zeintzuk izango diren, Nogaye Lo eta Marta Alberdi gernika-lumotarra min hartuta baitaude.
Lointekek aurkari izango duen Kelternek bikain hasi du denboraldia, talde sendoa da: Alemaniako ligan jokatu dituzten hiru partiduak irabazi dituzten. Gainera, Emakumezkoen Endesa Ligako taldeen jokoa ederto ezagutzen duten jokalariak daude bertan, hala nola, Alinna Hartman, Marina Marcovic edota Emmanuella Mayonbo. Horiez gain, Oshlynn Brown eta Adrienne Webb estatubatuarrak izango dira alemaniarren erreferentziazko jokalariak. Montañanak “defentsa lanak sendotzea” bilatuko du norgehiagoka garrantzitsu horretan. Entrenatzaileak adierazi du Europan jokatzen duen talde mota horren jokoa “anarkikoa, eta erritmo nahiz baloiaren jabetza handikoa” izan ohi dela. Joko hori ez zaio hoberen egokitzen Gernikari. Horren aurrean, beraz, “erreboteen kontrola edukitzea” izango da jomuga nagusia, “kontraerasoetan min egiteko eta partiduaren noranzkoa kontrolpean izateko”.
Montañana: “Erreboteen kontrola eduki beharko dugu, kontraerasoetan min egiteko eta partiduaren noranzkoa kontrolpean izateko”
Porrot mingotsa. Lointekek Pajariel Bembibreren kontra 78-71 galdu ondoren ekingo dio Europako zitari. Partidu horretako albisterik onena azken fitxaketa, Brooque Williams estatubatuarra, jokoan ikustea izan zen. Williamsek bikote eraginkorra osatu zuen Rosó Buch kataluniarragaz batera. Dena dela, taldearen mailak behera egin zuen 40. minututik behera eta Bembibrek, etxean jokatuz, ez zuen parkatu eta partidua poltsikoratu zuen.

Pajariel Bembibreren kontrako partiduko une bat. Argazkia: Gernika KESB.